Donostiara joan ginen, eta jatetxe japoniar batean askotariko jakiak dastatu ostean, sabelak arintzeko paseoa eman genuen. Zurriolako hondartzan eseri ginen gero, eta behatu genituen jolasean zebiltzan haurrak, musuka zegoen bikotea, jubilatu nudista kuadrilla, liburuaren istorioak harrapatutako neskatila, ura saltzen ari zen gizona, jubilatzear dagoen izozki saltzailea, eguzkiarekin ni baino areago erre zen emakumea semeari marmarka...
Zumaiako hondartzan ikusi genuen eguzki sartzea beste egun batean, eta arranplako koxkan pintxo bana jan genuen. Gau giro ederra zegoen, eta faro aldera jo genuen pauso makalean, ezer zehatzaren inguruan hitz egin gabe. Bidean ikusi genituen gaueko bainua hartu berria zuten neskatilak, kainaberak botata zituzten mutikoak, arrainek noiz helduko zain. Xibotarekin zebiltzan beste hainbat haur, zeinek gehien tente iraungo zuen zain. Eguneroko paseoa ematen ari ziren emakumeak ere baziren, azken orduko kontuak elkarri kontatzen.
Aireportuan eseri ginen, eta Uno jolasean aritu orduak arintzeko asmoz. Jan genituen litxarreriak eta eman genion sorpresatxoa egun batzuk lehenago urtebetetze eguna ospatu zuen lagunari. Zer ez genuen ikusi aireportuan. Joan-etorriek beti gordetzen dituzte istorioak.
Ia egun oso bat bidaian pasatu ostean iritsi ginen helmugara. Jarri ginen eroso eta atera ginen abenturara. Ikusi genuen 80 urteko arrain saltzailea, motordun barko turistez nazkatutako emakume agurea, hostaleko edonori irribarretxoarekin erantzuten zion neska nepaldarra, dendan lokartutako mutikoa; jatetxeak etxe eta etxeak jatetxe.
Koadro kostunbristak izan zitezkeen irudi horiek guztiak; beraien sinpletasunean ederrak. Sinpleak bezain gogorrak. Askotan, ordea, bestelako gauzetan jartzen dugu arreta. Zer esanik ez bidaian joandakoan; izan ere, zaila da berria eta ezezaguna den hori argazkitan ez jasotzea. Erakutsi nahi izaten dugu non egon garen, zer egin dugun. Argazki asko aterako genituen aurtengo udan ere, horietako asko postaletarako modukoak. Erakutsi dituzu sare sozialetan, eta jaso dituzu ingurukoen erreakzioak. Baina ziurrenik ez zenuen postalik jasoko. Eta, barka, baina ez dago postontzietan ustekabean agertzen diren postalek sortzen duten emozioen parekorik.