Etxea aterpea da, eta babesgune beharko luke izan. Etxea modu askotara eraikitzen den zerbait da, egunerokotasunak betetzen duen leku bat, gizarte harremanak garatzeko espazioa. Eskola aterpea da, eta ikasteko tresnak eskura jarriko dituen leku bat beharko luke izan. Askotariko hezkuntza prozesuak garatzeko baldintzak bermatu beharko lituzke eskolak. Etxe zein eskola izan da Azpeitiko Gaztetxea herriko gazte askorentzako, eta 20 urte beteko ditu uztailean.
Urtea hasi zenetik, Euskal Herriko gaztetxeek hedabideetako lerroburu mordoxka hartu dituzte. Aurten, 60 urte bete ditu gaztetxerik zaharrena den Hori Baik, Larrabetzun (Bizkaia); Gaztetxeak Bertsotan egitasmoa egin dute aurrenekoz Euskal Herriko hainbat herritan zehar, bertsolari gazteei plazak eskaintzeko eta gaztetxeetara gerturatzeko; Etxarri II gaztetxea (Bilbo) desalojatu zuten, Zornotzakoa (Bizkaia) epaiketara eraman, Irungo Lakaxita (GIpuzkoa) pintaketa faxistaz erasotu. Aldi berean, Gernikako Gaztetxea (Bizkaia) berreskuratu dute, eta Durangon (Bizkaia) gaztetxe berria ireki. Inork kontrakorik pentsatzen bazuen, gaztetxeak bizirik daude, eta arrisku egoeran daudenak, bizirauteko borrokan.
Niretzako ere eskola izan zen gaztetxea. Esango nuke, hein handi batean, hari esker eskuratu nituela azken urteetan garatu ditudan zenbait gaitasun. Gaztetxeak ardura hartzen erakusten du, lanerako zein hausnarketarako kultura garatzen, formakuntzarako grina pizten. Nekatu ere egiten du, ezin uka, etxe batek gisan, haren zaintzaz eta funtzionamenduaz arduratzea eskatzen baitu. Aukeratutako lekuan, ordea, aldaparik ez eta indarrak soberan.
Atzo izango balira bezala gogoratzen ditut Gazte Asteak, efemeride edo urteurren zehatzen inguruan antolatutako jardunaldi politikoak, emakumeon arteko hausnarketa luzeak, igandeetako formakuntza saioak, Kontu Lepo, Hoi Denk Zirkue, Zine Zikloak eta ondorengo solasaldiak. Eztabaida amaigabeak. Nostalgiaz baina poztasunez gogoratzen ditugu urte haiek, fruitu ederrak eman zituzten. Kapitulu hura amaitu zen, ordea, eta gazte belaunaldi berriek jarraitu dute historia idazten. Izan ere, gu dagoeneko ez gara gazteak.
Ilun irudika daiteke etorkizuna eguneroko albisteak irakurriz gero, baina iluntasun orotan piztu daitezke argi printzak. Belaunaldi berriei korronte erreakzionarioen aurka aritzeko indarra opa diet, gauza berriak egiteko ilusioa eta lanerako grina. "Erori, jaiki eta aurrera segi, estropezuak ere pausoak dira, finean".