Brasilen euskaraz

Erabiltzailearen aurpegia Mailo Oiarzabal 2020ko abe. 2a, 08:21

Mailo Oiarzabalek 2020ko azaroko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Nik koronabirusaz idatzi nahi nuen. Beno, nahi, nahi, ez. Baina hilabete luzeotan solasaldien hamarretik zortzitan-edo hortxe agertzen da, hutsik egin gabe, gai ia bakar eta nonahikoa. Gai, arazo, kezka, amesgaizto eta ezintasun iturri nagusi bihurtu zaigu COVID-19 gaitza eragiten duen birusa eta, batik bat, horrek denon bizitzetara ekarri duen anabasa.

Koronabirusaz idazteko asmo osoa nuen, baina buruari buelta batzuk eman ondoren, erabaki dut kontu horretaz eta bere ertz ugariez ez naizela ezer berririk, are gutxiago ezer onik, esateko gai. Ez dakit hau irakurtzen duzuenerako larrialdi neurrien zer fasetan egongo garen ere. Udazkena gogorra izango zela aurreikusi zutenek asmatu dutela dirudi, hori bai. Sendabiderik ez dago, txertorik ere ez, oraingoz; ezta, bistan da, "normaltasun berri" deritzona tirriki-tarraka bada ere aurrera eramaten lagunduko duen formula magikorik ere. Ez, behintzat, gurean, guretzat. Argitasun gutxi, errieta asko eta baliabide eraginkorrak linboan. Eta hau futbola balitz, koronabirusa Peleren Brasil, eta gu patxangak jokatzeko elkartzen den lagun kuadrilla.

Peleren parera iritsi gabe, noski, baina bada Brasilen jarraitzaile saldoa duen euskaldun bat: Itziar Ituño. La casa de papel telesail arrakastatsuaren protagonistetako bat da aktore bizkaitarra, eta munduko bazter askotako ikusleen kutun bihurtu da. Hamaika Gara egitasmoa jarri du abian Gure Eskuk, erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduak, eta besteak beste, ekimen horren abestia eta bideoklipa zabaldu zituen joan den hilean. Dupla eta Ituño dira kantuari ahotsa jarri diotenak eta, hara non, sekulako oihartzuna izan dute abestiak eta bideoklipak aktorearen mundu zabaleko jarraitzaileen artean. Sare sozialak neurgailu hartuta, Brasilen dituen fanen erantzuna izan da sutsuena; euskaraz kantuan eta dantzan jarri ditu Ituñok brasildarrak.

Instagramen ia bost milioi jarraitzaile ditu aktoreak eta beti, beti, euskarari ematen dio lehentasuna gaztelaniaz, ingelesez edota frantsesez osatzen dituen bere argitalpenetan. Aipatzekoa da hori, eta harritzekoa ere bai, ez baita ohikoena sare sozialetan jarraitzaile asko dituzten euskaldunen artean, gehienak edo denak aktorearen jarraitzaile kopuruetatik oso azpitik ibili arren. Nerabeen joerak ikusi besterik ez dago: gaztelania da gaztelaniaz halamoduz moldatzen diren azpeitiar ikasle askoren hautua sare sozialetan 'serio' hasten direnean. Pandemiak bezala, ertz ugari ditu euskaldunok euskararekiko dugun jarrerak; hor ere, futbol patxangetarako elkartzen diren lagunen maila beretsuan ari garela iruditzen zait, gehiegitan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide