Burruntzalia

Erabiltzailearen aurpegia Mailo Oiarzabal 2023ko urt. 3a, 08:45

(Argazkia: Pixabay)

Mailo Oiarzabalek 2022ko abenduko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Euskararen egoeraren gaineko albisteak lantzea tokatu zait sarri udazken honetan. Udala egiten ari den Euskara Plana, Soziolinguistika Klusterrak iaz herrian egindako hizkuntzen erabileraren kale neurketaren emaitzak, Euskaraldia, Uemak Eustaten datuak oinarri hartuta egin duen azterketa... Eta ajeak eta lantuak nagusi, baita datuak bere hotz horretan onak edo oso onak izan direnean ere –Klusterraren emaitzak kasu–; non eta gurean, euskararen arnasgune izan eta gotorleku ziruditen paraje hauetan.

Euskarak Azpeitian eta inguruetan kuidorik ez duela pentsatuko dute askok, baina hizkuntzaren transmisioa misio eta kezka duten beste asko ez dira, ez, iritzi berekoak. Atzerritik datozen bizilagun berriak euskarara ekartzeko bide eraginkorrak pentsatzea eta sortzea lan txikia ez, eta etxean euskara jaso duten haurrak eta gazteak auzo gertuko eta ez hain gertuko hizkuntza erraldoien lilurapean bidean ez galtzeko zer eta nola egin ere ebatzi behar; eta agudo, jakina baita nekez irabazitako apurrak suelto galdu ohi direla.

Arlo garrantzitsu gehiegitan atzeraka ez ote goazen... Nazionaletan ikasi nuen. Han alfabetatu nintzen, gaztelaniaz. Ez dut garbi gogoratzen, baina uste dut Lehen Hezkuntzako (OHO, garai hartan; EGB, alegia) azken mailetan baizik ez genuela izan euskara irakasgai, frantsesaren pare; Lengua vernácula zioen euskara irakasgaiari zegokion atalak noten liburuxkan. Institutuan, sortu berri samarra zen euskarazko adarrean ikasi nuen; a zer zalantzak erabakia hartzerakoan, lengua vernáculako eskoletan ondo moldatzen bainintzen, baina matematikak-eta euskaraz... Eta, bai, matematiketan desastre, baina berezkoa nuelako, gehienbat.

Lehen Hezkuntzako urteetara itzulita, gure eskolan hiru laurden euskaldunak eta laurden bat kastellanoak zirela esango nuke, kaleko garaiko ustearen arabera gurea erdaldunen eskola izan arren. Gela barruan ez bezala, gelatik kanpora gehiago egin nuen nik euskaraz nazionaletan institutuan baino. Eta nazionaletan ikasitako honek ez zuen ikasi burruntzaliari gaztelaniaz cazo esaten zitzaiola unibertsitate garaira arte; burruntzaliari cazo, eta lehengusu txikiari primo segundo, ez primo pequeño

Gurean, belaunaldi gazteagoek etxean ez ezik eskolan, telebistan, herriko aldizkarian eta webgunean, kaleko hizkuntza paisaian... normal jaso dute euskara. Ez dakit inork azaldu dien normaltasun hori ez dela hain normala, gure hizkuntza gutxituaren historiari erreparatuta. Azalduz gero kezkatuko liratekeen ere ez dakit. Gustura jakingo nuke zenbatek dakiten burruntzalia nola den gaztelaniaz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide