Sansebastianak 2023

Azpeitiarrok, bejondeizuela

Erabiltzailearen aurpegia Mailo Oiarzabal 2023ko urt. 16a, 17:24

Mailo Oiarzabal Uztarriako kazetariak San Sebastian jaien gehigarrirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Azaroa. Laneko agenda hartu. Hitzaldiren bat, ekitaldiren bat, aurkezpenen bat, Euskaraldiko lanak, eta, a, bai, sansebastianetako bilera. Sansebastianak. Gabonetan pentsatzen ere hasi aurretik, sansebastianak. Urruti daudela? Garaiz gabiltzala? Bai, zera. Egitekoen zerrenda luze eta potoloa gainerako egitekoen zerrenda mardulari gehitu, eta has gaitezen, zezenak harrapatu baino lehen. Egitekoen zerrenda bezain mardul, gehigarri hau, besteak beste. 48 orrialde huts. Beteko ditugu, beteko ditugu...

Urtarrilaren 19a eta 20a. Bi egun batean edo egun bat bitan, oso ordu gutxiko eten- atsedenarekin. Herria festan, gu lanean. Urteko lanegunik luzeenetakoa, ezorduetako lan asko, kalean zein bulegoan, festan dabiltzanen euforiak zipriztindutako ordu luzeak. Zientoka mahaiaren bueltan afaltzen, festarako prantatzen; teklatuak eta koadernoak baztertu eta laneko mahaiaren aurrean eserita ogitartekoa guk, eskoletako danborradetan eguneko lehen argazki zientokada atera ondoren kameren bateriak kargatzen utzita. Ateri bada, gaitzerdi. Euria bada, morala hankapean. Ziklogenesiren bati bisita egitea otu bazaio, mezuak eta deiak batera eta bestera: zertan gara, orduan? Gauza bakarra argi: mundu mailako larrialdi egoerarik ezean, bertanbeherarik ez da existitzen hiztegian Azpeitiaz eta festaz, Azpeitiaz eta danborradaz, ari garenean. Eta, hala ere...

22:00ak gainean. Jo dezatela txistua eta has dadila Hau dek hau, bestela... Plazan zain, udaletxe aurrean, begiak Goiko kalean jarrita, antzera dauden ikusleei ahalik eta traba gutxien egiteko moduko txoko bat aukeratuta. Atzera eta aurrera kamerari eragiten hasitakoan lanak emango ditu traba ez egitearenak, baina sinets ezazue, lana da guretzat, ez dugu zuek izorratzearren egiten, benetan; eta barkatu eragozpenak, aldez aurretik. Begirasun ez oso lagunkorren bat edo beste sumatuko dugu aurten ere, «aizu, hemen gu gaude, e?» botatzen ez badigute. Eta, hala ere...

Aurten ere San Sebastian eguneko goizaldeko ordu txikietan, begiak frijituta eta burua onenak emanda, oraindik argazki bildumekin borrokan ibiliko naizela jakin arren. Ordu gutxi lo egin eta beste lanegun luze bat etorriko dela jakin arren. Umeen danborradaren azken txanpan plazan nekatuta-aspertuta ikusiko ditudan gaztetxoekin errukituko naizen arren. Banderadunaren eta kantineraren rolak genero eta estereotipo jakin batzuei hain lotuta egoteari inoiz utziko ote dion neure buruari galdetu arren, eskoletako jolastokietan hasita dagoen aldaketak kalea inoiz zapalduko ote duen enegarrenez pentsatu arren.

Arren guztien arren, eta hala ere, izugarri gustatzen zait danborrada. Ez didate ba adarra batere jotzen lankideek, urrestildar bati danborradako doinuak hainbeste gustatzea ez dela normala eta. Ba normala baino gehiago gustatzen zaizkit niri danborradako doinuak. Eta lanaren komeriak eta mixeriak ahaztu eta dena egiten zaizkit San Sebastian bezperan udaletxeko balkoitik plazako hermosureari so; pikutara ilara perfektuak, Mandioko polkarekin edo Idiarenarekin sortzen den anabasak ez du parekorik une horretan.

Aspaldi esan nuen lehen aldiz, erdi txantxetan, erdi pasatxo serio, azpeitiarroi zerbait ondo egiten duzuela aitortzekotan, zerbait hori danborrada dela. Gaur, iritzi hori mantentzen dudala diot. Ez dituzue inoiz astinduko atabalak donostiarren elegantziarekin, belarriko mina eragiteraino desafinatu eta konpasa galduko duzue, baina mundiala da egun horretan sortzen duzuen giroa. Bandera jaitsierarena hurrengo baterako uztea hobe.

Azpeitiarrok, bejondeizuela.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide