Iritzi egile lana, iritzia ematea zein artikuluak idaztea, kazetari batentzat izan daitekeen lanik errazena, erosoena, dibertigarriena dela irakurri nion aurreko batean idatziz ez ezik Espainiako telebistetako sálvame-politika tertulietan zein Twitterren –bai, badakit orain X dela, emaidazue denbora pixka bat– iritzia eman eta eman aritzen den kazetari bati. "Hiretzat izango duk", pentsatu nuen. Kazetari lanak baditu zeregin zailagoak eta garratzagoak, baina hiru hilean behin bi mila pasatxo karaktere hauek betetzeak ematen dizkidan lanak ez dira parte onekoak. Hobeto esanda, testua osatzea da errazen egiten dudan partea. Zerekin eta nola bete, karaktereok zeri eskaini; hori erabakitzeak ematen dizkit buruko minak. Gau batean bonbilla piztu, gai super interesgarri bat eta bonbillak berak baino distira gehiago duen enfokea hortxe, argi, garbi; bale gaitun! Biharamunean jaiki, bezperakoak hazitarako ere ez duela balio begitandu, argi, garbi; kaka zaharra. Segi pelotan. Eta horrela, bizpahiru egunez behin, ia hilabetez.
Banekien zer etorriko zen, aldizkaria berritu eta lankideon artean txandaka betetzea dagokigun zutabetxo hau gehitu genionean. Lehendik ere miresgarria eta ausarta iruditzen zitzaidan hilero edo bi-hiru hilean behin gurean argitaratzeko iritziak idazten zituzten herritarren ekarpena. Motzean zein luze, bataz edo besteaz, (niretzat) grazia gehiagorekin edo gutxiagorekin, idatziz zein irudiekin. Eta herriko aldizkarirako; askori top lessarekin pasatu izan zaion gisa, errazagoa baita etxekoetan baino urrutiko hondartzetan biluztea. Eta hala ere, zenbat eta zenbat zareten eta izan zareten etxe atarian gutxi-asko biluzteko ariketa eginez Uztarria aberastu duzuenak. Ez dakit inoiz behar eta merezi adina eskertu dizuegun, dizueten, baina ezinbestekoak zarete eta izan zarete.
Eta hemen nago beste behin, epe mugaren mugara iritsita, urriko aldizkaria labera sartzear eta maketaren zulo hau hutsik. "Iritzia ez ahaztu, e, Mailo", lankide-jefeak. Ahaztu... ahaztuta banu bai ondo. Farmaziatik irten, kotxean sartu, eta Esto no!!! irakurri dut Garmendipeko harmaila nagusiaren atzean Erromako Zubiaren koloreekin margotutako txabolan, pintura beltzarekin eta letra eta trazu traketsekin idatzita. Autotik irten, pixka bat gerturatu eta argazkia atera diot, garbi daukat artikulu hau webgunean argitaratzeko beharko dugun irudia horixe izango dela. Izarraizko Atean skate parke berria ireki zutenetik abandonatutako Garmendi Kampen, Esto no!!! ostadarraren gainean. Gure jennihermosoak futbolean hasi ziren harri txintxardun anexotik gertu. Betiko leloaren betiko leloa, betiko leloen menderatu behar negargarria.