Azken aldiz begiratu nuenean, han jarraitzen zuen Esto no!!! gogaikarriak Garmendipeko harmaila nagusiaren atzean, Erromako Zubiaren koloreekin margotutako txabolaren paretan. Betiko leloen betiko leloa betikotuta, nonbait. Eta betiko keriekin nator oraingoan ere; beste betikokeria batzuk, oso betikoak, maiz "beti horrela egin izan da" edo "tradizioak gorde egin behar dira" esaldiek apainduta agertzen diren horietakoak.
Gauzak beti era berean egitea ez da, berez, ez ona eta ez txarra, eta gauza bera gertatzen dela uste dut gauzak tradizioaren, ohituren edo usadioaren poderioz egitearekin. Badira oso maiteak ditudan tradizio batzuk, zaharkituta gelditu direla edo garai berriek irentsita desagertzear daudela jakin arren maite ditudanak; gaur egun "politikoki zuzenak" ez diren tradizio batzuk gustuko ditudala, alegia. Alderantziz, badira inoiz ulertu ez ditudanak ere, desagertuko balira batere penarik emango ez lidaketen ohiturak. Seguru nago zenbaiti ulertezina egingo zaiola niri zenbait "betiko" tradizio hainbeste gustatzea, erabat arrakastatsuak eta ia ukiezinak diren beste tradizio batzuek duten onarpena niretzat ulertzen zaila den hein berean.
Kontraesanak kontraesan, tradizioak eta ohiturak "beti horrela" ezagutu ditugulako betikotzea, beste argudiorik gabe, arriskutsua iruditzen zait. Festen unibertsora etorrita, uste dut bistakoa dela ospakizun edo ekitaldi batzuen sakralizazioak zer kalte ekar ditzakeen; ikusi, bestela, Hondarribian eta Irunen alardeekin gertatu/gertatzen dena. Horregatik, beti –ene bada– harritu izan nau onerako Azpeitian danborradak izan duen bilakaerak. Beti –berriro...– eta edozer gai tartean dela bi bando zeharo kontrajarri –hiru ez badira– sortzeko halako erraztasuna duen herrian, esango nuke nahiko era zibilizatuan gauzatu direla aldaketak. Beranduegi? Baliteke. Eta badakit, noski, danborra jotzen irten ziren lehen emakumeek, bandera astintzen irten zen lehen gizonak zein zuzendari irten zen lehen emakumeak epelak entzun eta begirada ez oso abegikorrak jaso behar izan zituztela. Askoz harrera hobea izan zuten, zorionez, joan den urtarrilaren 19ko helduen danborradan kantinera rolean lehen aldiz parte hartu zuten bi gizonek. Baina ez pentsa horiek ere guztien gustuko izan zirenik: kantinera trajeetan gona motzenak dituzten taldeetan itxaron zerrendak luzeagoak izatea deigarria egin beharrean "normala" iruditzen zaien horietxek, hain justu, gizonak kantinera irteteak danborradari "seriotasuna" kentzen diola uste dutenak.
Genero rolak, animalien erabilera... "Betiko" ohitura asko jarri dira ezbaian. Ni, berriz, harritzen nau XXI. mendean udalak Elizaren ospakizunetan parte hartzeak hain jende gutxi harritzea.