<p"K>antauri Erregimendura eta erregearen zerbitzura joango ziren soldadu herritarren zerrenda egin zuten, 11 lagunez osatua". Azpeitia Guka (aka Uztarria) webguneko Efemerideak atalean aspaldiko garai ilunetako oihartzuna, maiatzaren 28an; 1771n, orduan ere haragia, odola eta bizitza xemaikorik merezi ez zutenen alde emango zutenen eske, gerraren makina. "Bakerik txarrena gerrarik onena baino hobea dun, sinets ezan". Gure amamak 1936an munduratu zuen gure amari esandakoa entzunez hazi ginen. "Argi daukat III. Mundu Gerra ezagutuko dugula", dio XX. mendearen azken hamarkadan jaiotako lankideak. Baterako eta besterako botoa ematearekin gogaituta sumatzen dut jendea, Francoren diktadura osoa irentsi eta helduaroan majo sartu arte horretarako aukerarik izan ez zutenak zein 18 urte bete zituztenetik aukera izan dutenak, eta ez zait guztiz harritzekoa iruditzen. Baina ikusten ditut botoa ematearena zein betirakoak iruditzen zaizkigun beste hainbat eskubide erauzi arteko onik ez duten horiek, Francoren eta besteen oinordekoak, botoa emateko desiatzen, guztiak hankapean izateko eskubidea irabazteko. Von der Leyen disimulu denak ahaztuta faxismo zahar berriari ateak parez pare irekitzen, konspirazio judu-masoien iturritik aski edandako Abascal Netanyahuri eskua ematen. Pixka bat ezagutzen nauenak badaki ez naizela prezixo baikortasunaren erakusgarria, baina zin dagit XXI. mende hasierako hamarkaden iluntasun hau neuk ere ez nuela espero.
Mundua behingoz pikutara joan bitartean, baina, segi dezagun gure erara, guka, bertso txikitan. Gertatu al zaizue arrunta eta hedatua zela uste zenuten hitz bat hain arrunta eta hain hedatua ez dela jabetzea? Hitz batekin baino gehiagorekin gertatu zait niri, eta ez naiz ari belaunaldi arteko arrakalen ondorioz erabilera galdu duten horietaz. Zakeletxe-rekin, azkena; hiztegietan, ez da existitzen. Urrestillan –behintzat– ibaiko alga edo belar klase bati esaten diogu zakeletxe; zakelak ibiltzen ziren tokian ugari hazten ziren halakoak, hortik izena, pentsatzen dut. Ibiltzen eta hazten zirela diot, Ibaieder ebrotu zutenetik galdu zirelako guztiz edo ia erabat zakeletxeak gurean. Eta ez galdetu batak eta besteak lotura zuzena duten, ez naiz-eta biologian edo botanikan aditua, baina zakeletxeekin batera desagertu ziren zakelak. Eta akabo ohitu gabeentzat gogaikarri eta are beldurgarri ziren, baina niretzat udako soinurik ederrena sortzen zuten dozenaka zakelen gauetako kontzertuak.
Aurten, zakeletxeena dirudien berdez jantzi dira etxe aurreko ibaiko harri batzuk eta esperantza piztu zait: aspaldiko partez zakel kanturen bat entzungo ote dugu San Joan bueltan? Nahiago nuke.
(PS: Eguneratze aldera, zakel hotsik ez, aurten ere, gure parean)