Apirilaren 28ko itzalaldi handiaren ondorengo egunen harrabotsean, deigarria egin zitzaidan industria sektoreko multinazionalen ordezkari batzuk zer azkar irten ziren hedabideen aurrera, argindarrik gabe gelditu ziren orduetan jasandako kalteen eta irabazteari utzitakoaren truke kalteordainak eskatzeko. Galerak milioietan zenbatuta zituzten, eta laguntzak parekoak izatea espero zuten, noski. Kalteordainak nondik jaso behar zituzten erabat zehaztu gabe, Espainiako Gobernuari zuzendu zioten eskaera-agindua.
Enpresa-gizon handi haien exijentziek itzalaldia baino aste batzuk lehenago herriko ikasle talde batzuek gurera egindako bisitetan egindako galderak ekarri zizkidaten gogora. Herriko ikastetxe guztietako eta maila askotako ikasleak etortzen zaizkigu bulegora ikasturtero. Egiten dugun lana, nondik gatozen, nor garen eta zertan gabiltzan azaltzen diegu, eta ikasleek eskolatik prestatuta ekarri dituzten galderei erantzuten saiatzen gara. Badira Guka zer den dakitenak –gehienak, orain artean behintzat–, baita webgunean "sartzen" direnak ere –gutxiago...–; aldizkaria aitona-amonen etxeetan ikusi dutenak ere hor daude.
Ikasleen bisitak beti dira aberasgarriak guretzat, hala uste dut behintzat nik, baita galaxia gero eta urrunagoetan bizi garela eta horri aurre egiten asmatzea premiazkoa dela jabetzeko bada ere. Goian aipatu ditudan galderen haritik, esango nuke geure buruak nola ikusten ditugun eta haiek nola ikusten gaituzten ez datozela oso bat. Aipatutako azken bisitetan egin dizkiguten bi galdera gelditu zaizkit niri iltzatuta: Gukan egiten dugun lanetik –kazetarion lanaz ari ziren, bereziki– bizi al daitekeen galdetu ziguten; eta diru laguntzarik jasotzen al genuen ere bai. Lehendabizikoak grazia egin zidan. Geure kezketara zenbateraino hurbildu zen ez zekien galderaren egileak: bizi gara, bai, egiten dugun lanetik, "herriko kazetari" xumeoi ordaindu egiten digute, oraingoz, egiten dugun lana; "total, Interneten irakurtzen ez dut ba" esanez bazkide izateari/egiteari muzin egiten diotenek Interneteko irakurgaiak hortxe bere kasa agertzen direla pensatzen duten arren. Eta, bai, edo, bai horixe, jasotzen ditugu diru laguntzak. Euskarazko prentsa diru laguntzetatik bizi da, aldi berean alferrak eta lanpostu lapurrak diren etorkinak bezala. Noski. Eta alferrik errepikatuko dugu erdal prentsak euskarazkoak baino diru laguntza gehiago ere jasotzen duela. Eta, nola? Beste sektoreetako enpresek ere jasotzen dituztela diru laguntzak? Industria enpresa handiek ere bai? Ez da egia izango...
Barreneraino sartu digute, zuei eta guri. Euskara ez da ezer laguntzarik gabe, baina, hala ere, euskara "inposatu" egiten diegu 'munduko hiritar' gizarajoei. Ikasleek diru laguntzen galdera herriko beste edozein lantokitan –edo beren ikastetxeetan– egiten duten egunaren zain geldituko naiz.