Ordubeteko bidea egin dugu autoan herriraino. Igande arratsaldea, barru giro dago. Tabernara egin nahi izan dugu musika emanaldia baino lehen. "Ez, hemen jende asko zegok. Goazen plaza aldera!". Jende bilera izan da. Egutegia nazioarteko egunez betea dago, lehen santu eta santa egunez bezain betea. Eta oraintxe ez dakigu zer dugun nahiago, gure izenak ere santuz eta santaz beteta dauzkagu eta.
Tabernara sartu eta hantxe lehenengo santua. Gorria. Eta Rosa. Rosa zela uste dut, behintzat. Eta Artola. Majo kanbiatuta dabil, baina ezagutu dugu, ezagutzeko gauza izan gara. Jende asko plazako taberna horretan ere, eta lehen Erdikalean gora egin dugun bezalaxe egin dugu orain Erdikalean behera. Erdikalea bera ezagutzen lanak guk, lehen begiak itxita ere ezagutuko genuenok, hainbeste urtean kalean gora-kalean behera ibili eta gero.
Barrua berotu eta Sanagustinera sartzeko ilara ikusi dugu. Egundo horrelakorik! Ilara. Haraxe egin dugu guk ere, ilaran jarri gara... Eta bata eta bestea elkarri begira. "Zuk ez nauzu ezagutzen...". "Ez dakit, ba...". "Arantxa naiz. Zu gure alaba bigarrenaren irakasle izan zinen...". "Bai, baina hilabete batzuetan besterik ez. Kurtsoa hasi besterik ez nuen egin urte hartan"... Eta joan zinen eta ez zinen itzuli, oso tarteka besterik ez. Gero baino gero bisita gutxiago herrira, urtean behin etorri arte. Urtean behin besterik ez. "Gehiagotan etorri behar dek, hik zuztarrak hemen dauzkak!", akordatzen naiz, Manuelen bila Zelaitxo parean, Zelaitxo izan zenaren paretik pasatzerakoan. "Hik zuztarrak hemen dauzkak!".
Zuztarrak.
Ekarri ni herrira
Eta egia izango da, ez da gezurra izango. Musika emanaldia bukatu, eta hantxe Nekane. "Ez haut ezagutu, baina hemen hintzela esan zidatek. Zer moduz bizi haiz?". Hantxe Alberto, hantxe Laxaro eta Maria Anjeles, hantxe Iñigo, Joxe Luix eta Xabi... Hantxe... "Ezagutzen al nauk?". Orduantxe bihotza irauli, atximurkada galanta barruan, etengailuari eragin izan baliote bezala izan da. Ezagutu dituzu, hantxe Ana Mari, hantxe Izaskun, hantxe laster Roxa Mari... Etxekoak. Eta hango musu eta besarkadak. "Halako hil zen, halako bizi da". Azkena elkar ikusi genuena, berriz, Moisesen denbora. Eta hau eta hori eta hura. Hitz batzuk besterik ez, haiei lotuta gaudela konturatzeko. Pozik lotuta ere. Herri honi nahitaez lotuta. Umetako garaiak agintzen duela eta aginduko duela betiko. Umetako garaia pasatutako tokikoak izango garela azkeneko ordura arte. Eta ez utzi ni herritik kanpora lurperatzen, ez errautsak astintzen, ez bestelako ekitaldi zibilik egiten. Ekarri ni herrira, arrastaka bada ere, Ana Mari, Izaskun, Roxa Mari, Gorria, Artola eta gainerakoen ondora. Zuztarrak dauzkadan tokira, zuen ondora.