Adiskide kapitainaren amaren hileta herrian. Zahartzen ari gara. Seinale dugu. Garai batean gurasoak bezala, geu gara orain lagunen senideen hiletetara herriko parrokiara sartzen. Pozik sartzen ere, inoiz tenplura pozik sartuko ginela pentsatuko ez bagenuen ere. Adiskide kapitainaren ondoan egoteak urrea balio du.
Eta, harako bidean, Betharramdarren parean, hiru emakumezko txor-txor-txor gurutzatu dituzu. Maskarak ez du musukoa ezagutu. Begiek bai, ordea. Stop. Geldi hor. "Aizu, aizu!". Ezagutu uste izan duzu. Naiararen ama. Hogeita hamabost urte ere joan dira ordutik, baina bart arratseko kontuak balira bezala hasi gara hizketan. "Irakaslea!". Titulu horrexekin joango gara zulora, lantegiari aspaldi utzi bagenion ere. Naiararen amarekin doanetako bat, berriz, Maiteren ama da. Neska argiak biak, Naiara eta Maite, zentzu handikoak, maitagarriak. Eta alabak zertan diren, eta beraien bizimodua egiten ari direla, bata han, bestea hemen, haurrik ere ekarri dutela mundura, eta beraiek, berriz, amak esan nahi dut, alargunduta daudela biak. Eta hau eta hori eta hura, eta elizara behar dudala nik. Pozik ni, adiskide kapitainaren amaren hiletara pozik.
Eta Plaza Txikitik Elizkalera, begi ezagun gehiago maskara eta musukoen gainean ageri. Hantxe bikiak. Eta hantxe, bikietako baten andrea, Nagore. "Arraioa, izarrak gurekin zaudek!". Naiararen eta Maiteren gelakidea. Haiek bezain argi, zentzu handiko eta maitagarria Nagore ere. Eta haiekin ere hitz, eta haiekin ere poz.
Eta elizara. Txikitan hauuuuuundi iruditzen zitzaigun parrokia, txiki zaigu orain. Eta hileta meza, eta besterik asmatu artean hileta mezak egiten segituko dute herrian. Horrelakorik niri ez, faborez. Aukeran nahiago adiskide kapitainaren formula: "Ni hiltzen naizenean, ez ehortz elizan. Baina ehortz nazazue, kupela tartean. Eta buruz barrikara, ahora zulora./Ni hiltzen naizenean, ez ehortz lurpean. Baina laga nazazue, belardi batean. Ta poxpoloak patrikan, papera aldean./Ni hilik egon ezkero, ez egon trixterik. Baina dantza ezazue, pandero eta soinu. Eta musiko direnak, poltsikoan gutxi". Eta holaxe. Eta pozik.