Hauxe idazten ari naizenean, oraindik ez da urria joan, baina alferrik da. Ez gara egundaino zentzatuko. Hor ari ginen gimnasian, eta, betiko tirria, tzunda-tzunda-tzunda... kalitaterik oneneko musika jarrita gure entrenatzaileak. Ez dago urrutira joan beharrik. Zumaiarra. Gorbeia magalean, zumaiarra guri ariketak agintzen, tzunda-tzunda-tzunda merke txarrenaren erritmoan. Arrimuan. Ezjainkoen zigorra. "Hi, Erlantz, nondik atera duk zarata hori?". "Musika? Internetetik... Gustatzen?... Ala ez gustatzen?". Gizajoa ez da konturatu ere egiten zer aditu behar izaten dugun. Urria bukatu ez, eta hantxe ari da tzunda-tzunda ingelesez, christmas gora eta christmas behera. Antojagarria. Gogaikarria.
Hauxe idazten ari naizenean, hilberri zaigu lagun bat Portugaleten. Bihotza burua baino handiagoa daukan horietako bat. Getariarra. Kaxildo zuen izena. Hortik atera noizkoa zen gure adiskide laguna. Ez, behintzat, Aimara, Aimar, Ainara, Enara, Enar... eta gainerakoen garaikoa. Hizketan gozo eta bulartsu, itsasoko gesalaz bustita ateratzen ziren hitzak haren ahotik, gozo. Desagertzeko arriskuan dagoen espeziekoa, Kaxildo. Giza zirriborroa idatzi zuen 1972an, garaian eskribitzen ez zen bezalako liburua. Apaletan begira hasi eta laster aurkitu dut. Zabaldu dut, eta zeharo ahaztuta neukana, hark berak sinatuta daukat, letra txukun: "Azpeitiko plazako arkupeetako elkarrizketak jaso ahal izanez gero, e?". Arkupeetara eraman nau Kaxildok.
"Ene herriko plazak arku asko ditu / eta hala ere / bere begi goibeletan ez da inor galdu / arku asko ditu / eta behin ere / ez dute aurkitu / ziba gaztearen buruko txintxeta / Babelgo dorrearen behea / ene herriko plazak arku asko ditu / bere habe artean haurren jolasa gordetzen du". (Jose Luis Otamendi).
Hauxe irakurtzen duzuneko, herriko plazako arkupeetan izana izango gaituzue, hainbat musikari, idazle, ilustratzaile, itzultzaile eta aktore, kultur plaza aldarrika, ondo bizi nahi dugula orroka, eta, inor baino hobeto ez bada ere, duintasunez, behintzat.