Tartean behin erregaloak jasotzen ditugu. Bizitzak ematen dizkigun horietaz ari naiz, ez si eta ez no, batere espero ez dugula, jasotzen ditugunez. Nik, behintzat, erregalotzat daukat Dabid... eta Dabiden janari denda txikia. Ez dago toki noblean ere, plaza eder batean, adibidez. Inposible gaur egun, Gasteizen terrazaz beteta daude-eta plazarik ederrenak. Hortaz, Dabiden denda ezin egon kale izkina batean baizik. Badaia eta Tomas Zumarraga Dohatsuaren kaleek bat egiten duten puntuan edo, ondoan semaforoa duela.
Orain dela urte batzuk, orburuak eta zainzuriak garbitzen eta preparatzen ikasi, eta gustatu egin zitzaizkien etxekoei. Orburuak etxera ekarri, kozinatu, eta: "Baina alkatxofa hauek hari asko dauzkate. Non erosi dituzu?". Supermerkatukoak izan, eta etxekoak akordatu! Harrezkero, gure etxean ez da Dabiden orburua besterik sartzen. Dabiden dendara sartu, eta nik: "Nongoak dituzu alkatxofak?". Eta berak: "Cabanillasekoak". "Eta zer moduz ilarrak?". "Ez gaur ilarrik hartu... Almeriakoak dituzu... hutsik dute barrua". Zainzuriak, Azkoiengoak. Erremolatxa, Zeriokoa. Azelga, Zurbaokoa. Eta, horrela, porru, letxuga, ziza eta perretxiko, kiwi eta tipula... Euskal Herriko eta Espainiako geografia bisitatu ahal izango duzu Dabiden denda txikira sartuta, produktuek –prezioarekin batera, eta eskuz idatzita– izenak euskaraz eta gaztelaniaz ageri dituztela. Dabid Ilardui Armentia, "Alimentación Ilardui", eta barruan, kartela: "Belarriprest". Baina berak uste baino gehiago daki euskaraz, ez dabil ahobizi izatetik oso aparte. "Non ikasi zenuen, ba, euskaraz, Dabid?". "Hemen, dendan, Cegasa fabrikako langileen andreekin. Oñatitik-eta etorri ziren asko, euskaldunak ziren, eta Badaia kale honetan bertan egin zizkieten etxeak. Dendara etortzen zitzaizkigun, eta euskaraz hitz egiten zuten. Eskolan pixka bat ikasi nuen, baina, gehiena, andre haiekin".
Eta halaxe atenditzen gaitu Dabidek, jenero ona, euskaraz. Erregalo hutsa.