Erbestean bizi naizen honi herrian inor hil zaigula jakinarazteko balio dute sare sozialek. Ta hortxe, azaroaren hasieran, Maria Pilar Arbelaitz Peñaren eskela segapotoko pantaila txikian. Momentuan ezagutu dut. Pelikula dokumentalean ikusi nuen azkena. Pasaiako segada. Ez dakit josteko makina edo zer zeukan ondoan. Izan liteke nire irudipen hutsa. Barkatu. Berriz ikusi beharko dut lan bihotz urragarria. Eta han, gure lagunen ama zena, kameraren begiari begira begiak ximur-ximur erdi itxita, esaten ari zena ondo pentsatzearekin batera ikusten ariko balitz bezala. Horixe daukat gogoan. Harrezkero, haren hitzak paperean jartzeko tirria ez gaiztoa ibili dut, kasu askotan bezala, lortu gabe, hala ere. Kasu askotan bezala, berriz. Dokumental horretako hitz eta irudiak dauzkat nik barruan. Edo daramazkit. Pelloren hitz saminak bezainbat etxepean, karrera hotzean negar-malkotan. Maribiren begirada bezainbat. Dioniren agur sotil haiek bezainbat. Gure lagunen amaren irudiarekin batera jirabueltaka dabilzkit hil zituzten eta bizirik utzi zituztenak. Gure herrikoak, batzuk; erbestekoak, beste batzuk. Bizi osoan egin diguten mina daramakigu. Trauma, esaten diote orain. Burgoseko fusilamenduarekin batera sartu ginen gaztarora, eta, hurrena, Pasaiako fusilamenduekin egin genuen aurrera. "Oraindik ere hotzikara ematen zidak!", idatzi dit oraindik orain Inmak.
Eta, bitartean, Gasteizko Plaza Nagusian ibili dira txapeloker haien oinorde txapelokerrak. Hortxe ikusi ditugu, erretratuetan, galaz jantzita, kapa luze beldurgarri haiek-eta gabe, eraso-fusilak hartuta. Ez dute esan garai bateko fusil zaharrak erabili dituzten, edo oraingo MZ-4P modernoak, Emtan Karmiel armagintza israeldar hiltzaileari urrean erositakoak. Eta hortxe inzibilak tiroka –airera tiroka, garai bateko lege hilgarrian–, biolentziari gorazarre lotsagarria eginez, beren Espainiari bibaka ta txaloka, PSEko ordezkari politikarien babesean. Pasaiako garaian bezala. Hotzikara ematen dute oraindik.