Gai batek kosk egin zidan pandemia garaian, barruraino sartu zidan benenoa, eta harrezkero delako gai hari buelta eman ezinda nabil, burutu ezinda, niretzat akaborik ez du eta. Gai horrek izen bat du, Mirande. Eta da poeta bat aurten ehun urte Parisen jaio zena. Zuberotarrak zituen gurasoak, Garindainekoa aita, Sohütakoa ama, herri txikiak biak. Esan dezagun bi seme-alaba izan zituztela. Bigarrena, Jean, Jon Mirande gure literaturan. On ustetan, guraso euskaldun huts haiek frantsesez hazi zuten semea. Honek, ordea, euskaraz ikasi zuen 20 urte zituela. Gero beste hainbat hizkuntza ikasiko zituen. Erraztasun ikaragarria zuen, nonbait. Euskaraz gehiago ikasteko, Jaurlaritzaren Pariseko ordezkaritzako euskara eskoletara joan zen. Idaztera bultzatu zuten. Eta idatzi zuen. Eta nola, gero! Eta zer kontu, gero! Hura Parisen hazi eta ikasia, frantsesez, garaiko autoreak irakurritakoa, ezinbestean idatzi behar bere garaikoak. Hemen, berriz, Francoren zapatapean, artean sasoi batean izandako Euskal Herriari kantatzen ari ziren idazleak.
Mirandek bere garaiko aldizkarietan idatzi zuen, eta beste zenbait idazleren lagun egin zen. Gutunez, lehenengo, eta Parisetik Euskal Herrira etorriz, gero. Mirande urtean bizpahirutan etortzen zen amaren jaiotetxera, Sohütara, eta handik Donostiara, Errenteriara eta beste zenbait tokitara ere etorri izan zen. Donostian egin zituen lagunik handienak: Yon Etxaide eta Koldo Mitxelena, esaterako. Eta, hona zertara datorren 2.000 karaktereko donjuanen sermoi hau, Yon Etxaidek kontatua hemen zuei kontatzera: "...bakantzak urteburuan, neguminean hartzen zituen, abenduaren 15etik urtarrilaren 15era. Sohütatik, bere osabaren Xaho baserritik gurera etorri ohi zen bizpahiru egun Donostian pasatzera eta beti egun bat txango joaten ginen gure Euskal Herri maitean zehar. Eskuarki eguraldi onak izaten genituen, eta behin, gaztetan, Izarraizko tontorreraino igo zen, Martxelo Esnal eta nirekin". Mirande Komuntsorotik gora Izarraitzera.