Iritzia

Aterkipean

Erabiltzailearen aurpegia Miren Segurola 2022ko mar. 10a, 08:07

Miren Segurolak 2022ko otsaileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Udalerri euskaldunetako egoera soziolinguistikoa gero eta aldakorragoa da, ekuazioan gero eta aldagai gehiago sartzen diren heinean. Baita Azpeitian ere. Denok ulertzeko moduan ere esan daiteke: euskaldun petoak izendatu izan direnak gero eta gutxiago dira. Aldiz, gero eta gehiago dira euskaldunak izan arren lehen hizkuntza beste bat dutenak. Azpeitian, lautik bat pasatxo.

Azpeitiko datuei begiratuz gero, esaterako, azken hamabost urteotako aldaketa esanguratsua da. 2004an, haur jaioberrien amen nazionaliteari dagokionez, %4,5 zen karnetean 'espainiarra' jartzen diguten hori ez zutenen kopurua. Hamabost urte geroago, 2019an, %24 zen kopuru hori. Horrek esan nahi du Azpeitian erroldatutako lau haur jaioberritatik batek 'espainiarra' ez den ama duela, alegia. Eta hiruk euskalduna edo espainiarra. Azpeitia bezalako herri batean, eskolaren bidez zein kaleko egungo arau sozialari esker, haur horiek guztiak euskaldunak izango dira.

Uemak ikus-entzunezkoen kontsumoaren inguruan egindako azken ikerketaren arabera, Azpeitian gehiago dira azken telesaila ingelesez ikusi dutenak euskaraz ikusi dutenak baino, Youtube euskaraz kontsumitzen dutenak ez dira %3ra iristen, eta entzuten duten musikaren artean euskarazkoa ez da %25era iristen. Gainera, datuak adin tarteka aztertuz gero, are eta kezkagarriagoak dira LHko ikasleek aitortuak Batxilergoan ari direnenak baino.

Duela 20 urte, kanpotik Azpeitira Haur Hezkuntzara zetorren edozein haur erdaldunek ez zuen beste erremediorik, euskaraz egiten zuen eta kitto. HHko haur gehienek ez zuten gaztelaniaz egiteko gaitasun nahikorik. Gaur egun, aldiz, gaztelaniaz jolasteko ere gai dira.

Argia da, azpeitiar euskaldunen ezaugarriak aldatzen ari dira nabarmen, garaiak ere aldatu egin baitira. Jatorriz euskaldunak diren belaunaldi berriek kontzientzia askoz apalagoa dute. Beste askoren ama hizkuntza ez da euskara. Erdaren erauntsia etengabea da gazteentzat giltzarri diren esparruetan. Euskarazko telebista publikoak ere gaztelerazko saioekin konkistatzen ditu gure etxeak. Oro har, beraz, erdaretara jotzera garamatzan zirimiriak ez du etenik, eta dena bustitzen du. Aterkirik gabe, beraz, jai daukagu. Euskararen erabilerari eutsi nahi badiogu, euskaraz bizi nahi badugu, herritarrak horretara bideratuko dituen ekimen eredugarriak, interesgarriak eta argiak behar ditugu. Horretan, Azpeitia eredu da kontu askotan. Aterkipean gaude herrian. Baina eguraldi makurrarekin, aterkipean ere bustitzeko arriskua dago, eta horren kontzietzia hartu beharra daukagu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide