Iritzia

ETB: zer hintzen eta non hago?

Erabiltzailearen aurpegia Miren Segurola 2022ko uzt. 11a, 08:25

EITBren egoitza nagusia, Bilbon. (Wikipedia)

Miren Segurolak 2022ko ekaineko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

40 urte bete ditu ETBk. Ofizialki, 1982ko maiatzaren 20an sortu zen, Eusko Jaurlaritzak 5/1982 legea onartzean, Autonomia Estatutuaren 19. artikuluak emandako eskumenen bidez. Frankismoak euskara debekatu eta jazarri ondoren, euskarak atzerakada handia izan zuen, baina Franco hil eta diktaduratik demokraziarako trantsizioaren garaian izan zen haize berriei lekua egiteko zenbait aukera. Besteak beste, alderdi politikoak legeztatu zituzten, eta EAJk euskara sustatzeko eta normalizatzeko plana prestatu zuen. Plan hartan, arreta berezia jartzen zitzaien komunikabideei, batez ere irratiak eta telebistak garai hartan zuten garrantziagatik. Horrela, 1977ko hauteskundeetako programan euskarazko irrati eta telebista publikoaren sorrera bildu zuen, eta eskakizun hura jaso zuen gero Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuak. 1980an EAJk euskal erdiko hauteskundeak irabaztean, EITB sortu zuen, eta Ramon Labaien Kultura sailburuari eman zion horretarako ardura.

Euskara normalizatzeko eta frankismoak zapaldutako hizkuntza biziberritzeko sortu zuten EITB, eta horrek hasierako oztopo politikoak eta teknikoak ekarri zituen. Izan ere, Espainiako Gobernuak ahaleginak egin zituen ETBk aurrera egin ez zezan, seinalea bidaltzeko bitarteko teknikoei mugak jarriz, eta Guardia Zibila ETBren instalazioetara bidaltzeko mehatxua ere egin zuen. PSOE Espainiako Gobernura iristeak soilik apaldu zuen tentsioa.

1983ko otsailean hasi ziren ohiko emisioak. EITB erregistratu gabe zegoen orduan, eta langile guztiak Eusko Jaurlaritzaren izenean aritu ziren lanean. Euskara hutsean ziren saio guztiak, eta batzuk gaztelerara azpititulatu ere egiten zituzten, euskaldunak ez ziren euskal herritarrengana heltzeko. Gero, ordea, goitik behera hasi zen aldatzen ETB. Gaztelera hutsezko ETB2 katea sortu zuen, eta horrek dirua, arreta eta lehentasuna irabazi zituen denborarekin. Gaur egun, ohikoa da Azpeitia bezalako udalerri euskaldunetan ere herritarrak gazteleraz entzutea ETBn, gure herrietako errealitate soziolinguistikoa zeharo desitxuratuz eta ETBren sorrerako helburuen kontrakoa lortuz: euskaldunak gazteleraz hitz egiten jartzea, euskara normalizatu eta erdaldunak euskaldundu beharrean.

Honaino nola iritsi garen aztertzea eta eztabaidatzea luzea izan daiteke. Baina hori da errealitate gordina, baita Azpeitiko etxeetan ere. Conquis ikustera bideratzen ditugu gure gazteak eta gure zergak, gaztelera hutsean, gero euskararen aldeko kanpainak egiten ditugun bitartean, agintariak euskararen aldeko mezuak emanez, dirua ETB2ra helarazten dugun bitartean.

Guggenheim museoan ospatu zuten maiatzean EITBren 40. urteurrena, eta ekitaldiaren harira Joxemari Iriondo ere elkarrizketatu zuten ETBko albistegietan. Kazetari azpeitiar eta euskaltzale handia, gazteleraz. Hori da gaur egun ETB. "300 urte barru ez dut uste euskarak bizirik iraungo duenik", aipatu zuen behin Iñaki Segurolak, Hizkuntzalari Euskaldunen I. Topaketan. Ni apur bat baikorragoa naiz, baina badugu kezkatzeko arrazoirik, norabidea zuzendu ezean behintzat.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide