Larri samar

Erabiltzailearen aurpegia Miren Segurola 2022ko ira. 1a, 09:04

Ospitaleko oheak.

Miren Segurolak 2022ko abuztuko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Larri ez, baina larrituta itzuli da lagun bat ospitaletik. Aurreikusitako ebakuntza garrantzitsu bat egin diote, belauna aldatzeko, eta ia astebete ingresatuta egon ondoren, etxean da bueltan.

Gogorrak egin zaizkio Osakidetzan apopilo eman dituen egunak, baina ederki zainduta sentitu da, eta hitz ederrak besterik ez ditu artatu duten osasungintzako langile profesional guztientzako. Zeladoreak bata grisarekin, erizainak bata urdinarekin, erizain-laguntzaileak bata arrosarekin, eta medikuak bata zuriarekin. Gogoan ditu denak.

Gogoan ditu, ordea, artatu beharrean nazkatu duten ohiko kontuak ere. Gaztelera hutsean eman diote anestesiaren arriskuak ezagutzen dituela eta akaso kirofanoan hankak luzatuta gera daitekeela dioen agiria. Jakinaren gainean dagoela eta onartzen duela esanez sinatu behar duena. Baita belaun berriarekin etxera itzultzean egin beharreko ariketa guztien azalpenak ere, gaztelera hutsean, fotokopiatuta. Edota ebakuntzaren eta altaren txostena. Eta abar. Ohiko kontuak dira lagunarentzat, eta indarrak bilduz gero, jarriko du salaketaren bat Hizkuntza Eskubideen Behatokian, Elebiden eta gainerakoetan, ohi bezala.

Hirugarren egunean, 90 urteko aitona ekarri diote ondoko ohera. Kalean erori eta aldaka hautsi du Sorian jaio eta Donostian 70 urte daramatzan igeltsero erretiratuak. Adinean gora egin arren, umoreari eta sasoiari eusten dio oraindik gizonak. Kalean bizi den 20 urteko aljeriarra izan du orain arte gelakide aitonak, eta ez da ondo moldatu harekin. Ezta samaldan bisitan etortzen zitzaizkion haren lagunekin ere. Kontuak kontu, gelakidea aldatzeko eskatu, eta nire lagunaren ondoan eman ditu egunak. Etorkinei buruz marmarrean aritu omen da egunero. Ez direla integratzen. Herri berri batera iristean bertara moldatu behar duzula, bertako ohiturak, arauak eta jendea errespetatu, eta bla, bla, bla. Hala ere, ez igeltseroak, ez tarteka bisitan etorri zaizkion seme-alabek, aztarrenik ere ez euskaraz, ikasteko bizitza osoa izan duten arren.

Laguna, ordea, beste zerbaitek larritu du benetan. Ama etorri zaio gaur bisitan, eta bizitza osoan biek euskaraz hitz egin duten arren, ama gazteleraz ari zaio etengabe. Lagunak ez daki mina arintzeko gauean ematen dioten morfina ziztadaren edota egunean zehar irentsarazten dizkioten opiazeoen eragina ote den, ala benetan eldarniotan ote dagoen. Ama gazteleraz? Nuarbetarra. Baserriko alaba. Euskaldun petoa. Etxean beti euskaraz aritu dira. Eta orain, ospitalean, gazteleraz hasi ez zaio bada! Ea zer arraio eta ea zoratu den galdetuta, amaren erantzuna: ondoko aitonarekiko errespetu falta dela euskaraz aritzea, hark ez duelako ulertzen. Falta genuena! Ama, zaplastekoa jaso eta beste masaila jartzera ohitu duten belaunaldikoa. Baserritar eta euskaldun ezjakinak direla sentiarazi diete. Euskaraz hitz egiteagatik jazarri eta zigortu dituzte, eta 70 urtean bertako hizkuntza ikasteko gai izan ez denarekiko errespetu falta iruditzen zaio orain euskaraz aritzea. Horrela gabiltza oraindik ere, errespetuaren izenean. Larri samar...

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide