Bi urte igaro dira Uztarriak orrialde hauetatik Azpeitiari begiratzeko eta azpeitiarrei hitz egiteko aukera eman zidanetik, eta harrezkero, bi hilean behin gustura heldu diot eskaintzari, kezkatzen nauten gaiak aletuz, eta bereziki, euskararen bilakaerak eta egoerak dituen erronkak nabarmenduz. Bi urtean ez gara askorik aldatu beharbada, eta euskarari dagokionez ere, akaso, herriak ez du aldaketa soziolinguistiko esanguratsurik izan. Eguneroko kontuetan hobera egin dugu hainbat arlotan, baina herren jarraitzen dugu beste zenbaitetan.
Oro har ikus-entzunezkoak, streaming plataformak eta sare sozialak gailendu zaizkigu aisialdian, eta hizkuntzari dagokionez, horrek arrakala handia sortu du kaleko arau sozialaren eta pantailetako hizkuntzaren artean. Euskaraz aritzen gara kalean, baina erdarak dira ohikoenak pantailetan. Horrek guztion hizkuntza ohituretan du eragina, baina batez ere, haurren, nerabeen eta gazteen ohituretan. Eskoletan ere sumatzen da horren eragina, eta gaiari heltzeko beharra ere sumatu du urte hauetan bidea egiten hasi diren Euskara Mahaiak eta Hezkuntza Mahaiak.
Horregatik, garrantzitsua da aisialdian euskarazko eskaintza izatea oinarri, eta ezinbestekoak dira hori lantzen eta lortzen duten egitasmoak. Adibide ezin hobea da ikasleek dituzten beharrei eta zaletasunei bide eman nahian herrian martxan jarri den Hedatze proiektua. Ikastetxeetako guraso taldeek, herriko hainbat eragilek eta Azpeitiko Udalak elkarlanean antolatu dituzte tailerrak: arkeologia, Elkarguneko denda, eskalada, sukaldaritza, lehen sorospenak, jarduera fisikoa, sormena, kirola eta abar. Guztiak ere herriko hiru ikastetxeetako gazteak elkarrekin arituz eta pantailetatik haratagoko aisialdi eredu berria sustatuz. Errefortzu zein zaletasun tailerrak dira Hedatze programan oihartzun gehien dutenak, baina horrelako ekimenen bidez euskara ere hedatzen da eta hizkuntza ohituretan ere nabarmen eragiten da. Horregatik dira ezinbestekoak horrelako egitasmoak. Herritik herritarrentzat sortutako herri proiektuak.
Orain, herritar eta kolaboratzaile berriei hitza emateko eta plaza eskaintzeko ordua heldu zaidanean, amaitu aurretik eskerrak eman nahi dizkiet ezinbestekoak diren beste batzuei ere: Uztarriari eta irakurle guztiei. Uztarriari, webgunean, sarean zein paperean herri informazioa zabaltzeko egiten duen lanagatik, eta horrek gure hizkuntza egunero biziberritzeko duen garrantziagatik. Irakurleei, Uztarria bezalako euskarazko komunikazio proiektuak laguntzen eta sustatzen jarraitzeagatik. Eskerrik asko, eta segi egunero euskara lau haizetara hedatzen!