Ez zara aspertzen?

Erabiltzailearen aurpegia Nagore Aizbitarte 2024ko eka. 27a, 09:20

(Irudia: Pixabay)

Nagore Aizbitartek 2024ko maiatzeko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Lanera joateko ordubete inguruko ibilbidea egin behar izaten dut, eta niretzat askotan ordubeteko bidaiatxo hori da egunean zehar gehien gustatzen zaidan momentuetako bat. Lagun bati azaldu nion hori, eta galdetu zidan ea zergatik den nire unerik gogokoenetakoa. Erantzuna barru-barrutik atera zitzaidan: "Ezer ez egiten egoteko aukera bikaina delako niretzat".

Lagun hark automatikoki denbora hori aprobetxatu ahalko nukeela esan zidan; zerbait irakurriz, podcast bat edo irratia entzunez... Eta batzuetan egiten dut hori, baina kasu gehienetan denbora hori aprobetxatzeko beharrik sentitu gabe iristen naiz nire helmugara. Eguneko momentu lasaienetakoa da niretzat. Neure buruarekin hitz egiteko aukera bikaina izaten da gehienetan, eta eguneroko bizitzaren zalapartaren erdian oharkabean igaroko liratekeen ideiak eta loturak aztertzeko aukera ematen dit.

"Ez zara aspertzen?", galdetu izan didate. Eta, egia esan, egun 'aspertzeko' denbora izatea eta horrekin ondo sentitzea da gehien baloratzen dudan gauzetako bat. Izan ere, produktibitatearekin eta etengabeko jarduerarekin obsesionatuta gauden gizarte honetan, aspertze hutsa kosta ahala kosta saihestu beharreko zerbait dela dirudi. Deseroso sentitzen gara isiltasunarekin, jarduera ezarekin, ezer ez egitearen hutsunearekin. Aspertzeko beldurrak etengabe distrakzioak bilatzera bultzatzen gaitu, gure bizitzako une bakoitza jarduera frenetikoz betetzera.

Zergatik diogu beldurra asperdurari edota isiltasunari? Isiltasunak ikaratzen gaitu, gure buruko eta inguruko isiltasunak. Isiltasun horrek beste ezerk baino zarata gehiago sortzen du gugan. Ezerezarekin lotzen dugu, eta ezerez horrek denbora galtzen ari garela pentsatzera garamatza.

Gure bizitza hareazko erloju baten moduan ikusten dugu, zeinetan hondar ale bakoitzak izugarrizko balioa duen. Hondar ale bakoitza aprobetxatzen ari ez garela pentsatze hutsak blokeatzen gaitu. Eta hori oso ulergarria da; mila estimulu ditugu gure inguruan, gauzak nola egin beharko liratekeen esaten digutenak, denbora benetan nola aprobetxatu behar den inposatzen digutenak.

Eta ez hori bakarrik. Asperdurarekiko eta isiltasunarekiko beldurrak etengabeko jarduerarekiko nolabaiteko adikziora eraman gaitzake, non une oro lanpetuta egotera behartuta sentitzen garen, askotan gure osasuna eta ongizatea kaltetuz. "Beti martxan" pentsamolde horrek akidura fisikora eta emozionalera eraman gaitzake, gure bizi kalitatea prozesuan ahulduz, eta ondorioz, benetan denbora galduz.

Izugarrizko abiaduran mugitzen den gizarte honetan, lasaitasun eta hausnarketa uneak aurkitzea erresistentzia ekintza bat dela iruditzen zait, gure gizatasunaren oroigarri, gero eta gizatasun gutxiago duen mundu honetan. Zaila den arren, bizitza modernoak ezartzen digun betebeharren zerrenda frenetikoaren erdian, eman diezaiogun asperdurari merezi duen lekua. Pentsa dezagun zerk bultzatzen gaituen une horietan deseroso sentitzera, eta hausnar dezagun zerk eragiten duen benetan gure hareazko erloju horren hondar aleak azkarrago jaustea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide