Hilean behin etortzen da, edo ez. Hilean behin gaizki pasatuko duzu egun batzuetan, edo ez. Hilean behin hormona bonba bat izango zara, edo ez. Hilean behin zure gorputza haurdun geratzeko prestatuko da, edo ez. Hilean behin, edo ez. Hilerokoa, aluarekin eta uteroarekin jaio garenoi, dena 'ondo' badago, ustez hilean behin bisitan etortzen zaigun 'hori'.
Eta zein gutxi hitz egiten den hilean behin etortzen ez zaien horietaz. Bi, hiru, lau edo bost hilabetean etortzen ez zaien horietaz. Edo inoiz etortzen ez zaien horietaz. Edo hilekoa 'kontrolpean' edukitzeko hormona tratamenduak egin behar zaizkien horietaz. Izan ere, arazo hori baduzu, oro har, antisorgailu gisa ezagutzen diren pilula txiki horiek errezetatzen dizkizute. Egunean behin hartu beharreko hormona pilula horiek. Askok haurdun ez geratzeko antisorgailu gisa ezagutzen dituzte pilula horiek, baina aluarekin eta uteroarekin jaiotzen garen batzuentzat 'tratamendu mediko' bihurtzen dira, eta gehienetan ez digute horri buruzko informazio askorik ematen. Zein da arazoa? Irregularrak garela esaten digute, gure hormona sistemak "desorekak" dituela, eta, beraz, aldatu egin behar dela.
Eta askok pentsa dezakete: "Ondo da, ezta? Arazo mediko bat dago eta pilulak hartzea da irtenbidea". Ba ez da hain sinplea. Hilerokoak nolabaiteko inpaktu soziokulturala du gure izatean, eta "gaizki" funtzionatzen duela esaten dizutenean, nahi ala ez, emakume gisa zerbait gaizki egiten ari garenaren zama sentitzen hasi gaitezke. Izan ere, hilerokoa emakumeen identitatearen eraikuntzan bete beharreko oinarrizko baldintzetako bat bezala hartzen da. Eta, gure hilerokoak ez badu 'ondo' funtzionatzen, gugan sor daiteke halako frustrazio bat gure gorputzarekiko; gure alu, bagina, utero eta obulutegiekiko. "Zergatik ezin dut hau kontrolatu? Zergatik hartu behar ditut hormonak? Zergatik jasan behar dut halako desinformazioa medikuarengana noanean?".
Eta askotan, galdera horietan galduta, 'lasaitasuna' emango dizuten pilula horiek hartzea irtenbide gisa ikusten duzu. Ginekologoak esan dizunez, emakume askori gertatzen zaien zerbait da, eta "horrekin bizitzen ikasi beharko duzu". Etxera zoaz, burumakur, pilulen errezeta esku artean duzula eta haren albo ondorioak pairatzera behartuta. Eta konturatu gabe, urteak pasatu ditzakezu horrela, zure aluarekin, baginarekin, uteroarekin eta obulutegiarekin deskonexio izugarria bizitzen. Isilik, horrela jarraitu beharko duzulakoan, hilerokoa ez etortzeko adina izan arte.
Horrek ez luke horrela izan behar, beste irtenbide batzuk ere badaude, eta askotan 'sendatzeko' bidea gure gorputzek duten funtzionatzeko modua onartzetik hasten da. Bai, badakigu hilean behin etorri beharko lukeela. Mila aldiz entzun dugu. Baina askorentzat ez da horrela, eta horretaz hitz egin behar da. Elkar aholka dezakegu: "Zerk funtzionatzen dizu zuri? Gomendatuko al didazu ginekologo edo mediku hori? Non aurki dezaket lagungarri zaizun metodo natural hori? Ez zaizu hilero etortzen? Lasai, niri ere ez, bila dezagun lagundu zaitzakeen bidea, edo ez".