'True crime'

Erabiltzailearen aurpegia Nagore Aizbitarte 2024ko abe. 1a, 08:00

(Irudia: Pixabay)

Nagore Aizbitartek 2024ko urriko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honaho hau.

Gure baitan badago zerbait gertakizun ilunen inguruan sortutako morboarekiko erakarrita sentiarazten gaituena. Beldurrezko filmak ikustean sentitzen dugun zirrara berezi horren edota errepidean istripu bat dagoela ikusi eta albotik pasatzean zer gertatu den begiratzeko bulkada horren jabe dena. Jakin-min 'arraro' bat pizten da gugan gertakizun bortitz, biolento edota ezohiko bat pasatu dela jakiten dugunean.

Gertakizun ilunekiko sentitzen dugun morboak zuzeneko lotura dauka true crime generoaren gorakadarekin. Genero horrek eztanda egin du azken hamarkadan. True crime-a benetako krimenak (orokorrean, krimen oso bortitzak, erailketekin eta bortxaketekin zerikusia dutenak) kontatzen dituen generoa da. Sortzaileek gertakari kriminal horiekin lotutako pertsonen ekintzak aztertzen dituzte. Xehetasun guztiak azaltzen dituzte orokorrean. Ipuin ilun bat sortzen dute gertatu zenaren inguruan, entzuleak mapa perfektua egin dezan bere buruan. Spotify edo Apple Podcasts plataformetan genero entzunenetako bat bihurtu da. Eta ez soilik podcastak; benetako krimenei buruzko telesailak eta dokumentalak streaming plataformetan gehien ikusten direnen artean daude.

Eduki mota horren kontsumoa pertsona askoren eguneroko bizitzan errutina bihurtu da: kozinatzen ari diren bitartean, autobusean lanera bidean edota gimnasioan daudenean entzuten dituzte. Eta harrigarria badirudi ere, batzuentzat lo hartzeko erreminta ere badira.

True crime generoaren eztandaren atzean zein arrazoi dauden jakitea zaila da oraindik. Orokorrean, arrazoi nagusien artean, giza izaeraren okerrenari aurre egiteko modu bat bilatu nahi izatea dago. Maltzurtasun horri aurre egiteko aukera ematen digu, baina urrutitik, seguru sentitzen garen leku batetik. Serieko hiltzaile baten buruan zer gertatzen den ulertu nahi dugu. Xehetasun makabroenak entzun eta misterio bat konpontzen ari garela sentitu nahi dugu, alegia.

Biolentzia oso esplizitua, erailketak, bortxaketak... normalizatzeko arrisku larria ikusten dut nik horri lotuta. Kontsumo mota horrek biktimen sufrimenduarekiko erruki falta garatzea ere eragin dezake, eta ondorioz, krimen horien biktimekiko errespetua gal dezakegu.

Tragediak entretenimendu gisa tratatzen ditugunean, ahaztu egiten zaigu krimen bakoitzaren atzean benetako biktimak daudela. Batzuetan, hiltzaileak edota bortxatzaileak intereseko figura bihurtzen dira. Ameriketako Estatu Batuetan, adibidez, oso ohikoak dira glorifikatuak izan diren serieko hiltzaileen kasuak. Kasu horietan, biktimak bigarren mailako pertsonaia bihurtzen dira. Morboak erakarrita, zer gertatu zitzaien jakin nahi izaten da, eta beraien 'desgrazia' publiko bihurtzen da. Izan ere, eduki mota hori sortzen dutenen artean, xehetasun ilunenak kontatzen dituztenek dute arrakasta handiena.

Badakit sortzaile eta entzule asko, halako eduki motak lantzeko orduan, biktimekiko errespetua zaintzen saiatzen direla. Hala ere, eduki horien kontsumoan jarri behar dela begirada. Morboak ezin gaitu gidatu, eta biktimen desgrazia ezin da gure eguneroko errutinan entretenimendu huts bihurtu.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide