Urteak

Erabiltzailearen aurpegia Nagore Aizbitarte

(Argazkia: PIxabay)

Nagore Aizbitartek apirileko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Ikastolara eramango duzun galleta kaxa eskuetan duzu. Badakizu gelakide bakoitzari gehienez bi galleta tokatzen zaizkiola. Atzo kaxa erostera joan zineten. Urtean behin bakarrik erosten baduzu ere, asko gustatzen zaizkizu kaxako galleta horiek, ez denak, baina orokorrean gehiengoa bai. Gaur gustukoenak aukeratzeko eskubidea duzu, zain egon gabe. Urtean zehar beste okasio batzuetan ere jaten dituzu. Baina zure urtebetetze egunekoek zapore desberdina dute.

Ikasgelara iristean urduri zaude; gogoratuko al dira nire urtebetetzea dela? Galleta kaxa bera pista handia den arren, urtero beldur hori sentitzen duzu. Jaso dituzu eguneko lehen besarkadak eta zorionak. Jolas ordua iristen da eta abestiaren unea da. Urteko beste egunetan bereziki gustatzen ez zaizun abestia, baina zure egunean bai, hor bai. "Hartu bi eta pasa". Denak ez daude gustura, batez ere kaxa jada aukera gutxirekin iritsi zaien horiek.

Zure eguna horrela ospatzeko aukera izatea gustatzen zaizu eta beti horrela izango dela uste duzu. Eskertzen duzu zure urtebetetzea ikasturteak irauten duen une batean izatea. Hilabete horretan beste ikaskide batzuk ere urteak betetzen badituzte, ziurrenik merendola bat antolatuko duzue elkarrekin ospatzeko. Hainbat edariren nahasketa bitxiak egingo dituzue, Nocilla eta txorizo ogitartekoak, gominolak eta patatak jango dituzue. Menu paregabea. Gero jolasak, denbora librea. Denbora.

Urte batzuk geroago, zure urtebetetze eguna lanean ari zaren astearte soil batean egokitzen da. Sakelako telefonoan ikusten dituzu pilatzen ari diren Whatsappeko mezuak. Mezu pribatuak eta hainbat taldetakoak. Laburrak, luzeak, emoji askorekin: "gozatu eguna", "ea ospatzen dugun", "urte askotako!".

Urduritasun bitxia sentitzen duzu. Iritsiko dira iristea nahi duzun mezu guztiak? Nolabait faltan botatzen duzu txikitan mobilik ez edukitzearen pribilegio hori. Etxean bazinen, etxeko telefono finkora iristen ziren deiak erantzuten zenituen, eta bestela, zure gurasoen poltsikoko telefonora iristen ziren deiak. Ahotsak ziren. Orain mezuak dira gehiengoak, ahots horiek gogorarazten dizkizuten audioak agian, baina mezuak oro har. Jakina, orokorrean denak lanpetuta daude. Eta deitzen badute, zu ere ziurrenik lanean egongo zara.

Zure buruari behin eta berriz errepikatzen diozu egun normal bat dela, kandela batzuei putz egiten diozun egun bat. Txikitan ez zen horrela, ordea. Txikitan, zain geratzen zinen hurrengo urtekoa ahalik eta azkarren etor zedin. Altxa zenitzakeen eskuetako behatzak harro erakutsiz.

Orain, ordea, denbora horren azkar joateak pixka bat beldurtzen zaitu. Eskuetako hatzak biderkatu behar dituzu zenbat bete dituzun erakusteko, eta zenbaki horrekin, agian, ez zara horren identifikatuta sentitzen.

Ospakizuna, ospatzeko aukera edo gogoa baduzu, jada ez da merendola bat. Orain ziurrenik beste edari mota batzuk nahasten dituzu, eta txorizo eta Nocilla ogitartekoak ez dira menuaren parte. Ondorengo jolasak ere desberdinak dira. Eta denbora, jada ez da hain librea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide