Zergatik gustatzen zaizkit hainbeste festa hauek?

Erabiltzailearen aurpegia Nagore Alkorta 2025ko urt. 19a, 07:00

Nagore Alkorta alkateak 2025eko San Sebastian jaietako egunkari berezian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Behin baino gehiagotan esan izan dut, baina berriz ere esango dut: sansebastianak dira nire festa gustukoenak. Zergatik? Neuk ere ez dakit. Ez da urtero-urtero danborradan hutsik egin gabe ateratzen den horietakoa izan naizelako. Bizpahiru aldiz bakarrik aterako nintzen helduenean. Ez da danborradaren aitzakian urtero plan bereziren bat izaten dudalako ere; izan ere, behin baino gehiagotan tokatu izan zait San Sebastian bezperan tabernan lan egin behar izatea, edo kanpoan bizi izan naizen urteetan, herrira etortzeko aukerarik ere ez izatea. Umeen danborradari buruz, berriz, dudan oroitzapen bakarretakoa da banderarekin atera nahi nuela, baina zozketan ez nuela zorterik izan.

Hala ere, eta kontuak kontu, izugarri gustatzen zaizkit sansebastianak. Danborrada hastera doala iragartzen duen txistuarekin eta lehen doinuekin bihotza azkartzen zait. Gauerdian, San Sebastian martxa-rekin, oilo ipurdia jartzen zait, eta malkoren batek edo bestek ere ihes egiten dit (badakit ez naizela hori gertatzen zaion bakarra).

Lehen esan bezala, ez dakit oso ondo zergatik gustatzen zaizkidan hainbeste festa hauek, baina San Sebastian bezperak argazki benetan ederrak uzten ditu: beste ekitaldi gehienek ez bezala, talde berean adin desberdinetako jendea elkartzea lortzen du danborradak; elkar apenas ezagutzen duen jendeak elkarrekin afaltzen du egun horretan; edo herritik kanpo bizi diren askorentzat danborrada aitzakia nahikoa izaten da astegun buruzurian ere jai hartu eta Azpeitira itzultzeko.

Urtero nahiko antzekoa, baina, aldi berean, urtero berezia izaten da danborrada: abestiren bat estreinatuko delako, talderen batek jantziak aldatu dituelako... Iaz, adibidez, niretzat ezusteko oso polita izan zen Arrantzaleen taldean gizonak ateratzea kantinera eta banderarekin. Aurtengoa ere ezberdina izango da, besteak beste, talde berri bat izango dugulako: Perdillegi elkartea. Ongi etorri!

Erraz esaten da, baina 1.500 lagun baino gehiago aterako dira helduen danborradan eta 500 haur baino gehiago umeenean. Lerro hauen bidez, eskerrak eman nahi dizkizuet festa hauek egin ahal izateko lanean aritu zareten danborrada batzordeko kideei eta besteok gozatzeko lan egitea tokatuko zaizuen guztioi. Amaitzeko, gogoratu: danona da festie, danona da ardurie.

Gora sansebastianak eta aupa Azpeitia!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide