Iritzia

Platerean jarritako guztia jan!

Erabiltzailearen aurpegia Oier Etxeberria 2021ko ots. 2a, 08:32

Oier Etxeberriak 2021eko urtarrileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Hau alferrik galtzea baino, kalte egitea nahiago! Eta barrura. Halaxe esaten ei zuen gure auzotar batek, oturuntzaren hondarrean, azkenburukoren bat inork nahi ezta, soberan geratzen zenean. Ziur aski, ez da izango jokamoldeetan behinena nutrizioan lizentziatuen ikuspuntutik, baina oro har, gure asaben pentsaera egoki islatzen duela irizten diot.

Ume koskorretan, zilar paperean bildutako otartekoak izaten genituen motxilan ikastetxetik irtetean. Oroitzen dut zenbaitek, gozoki dendako erosketa hobetsita, askaria zaborrontzira nola botatzen zuten, etxean azalpenak ematen jardun beharrik izan ez zezaten.

Zenbait herrialdetan bereziki, gaizki ikusita dago platera erabat hutsik uztea. Prestatzen aritu denari errespetu falta da, nonbait. Janarekikoak egin, eta ase gabe, gehiagoren eskean ariko bagina bezala. Beti utzi behar da, beraz, ertzean zerbait, bapo egin dugula eta esker ona adierazteko.

Honakoa komenturen bateko kontua izango zen. Bertako fraideek hazteko zerriren bat izan, eta norbaitek hura gobernatzeko jan soberakinak eramaten zizkietenean, haserretu egiten bide ziren tartean ogi koskorren bat aurkituz gero. Ez omen zen egokia elikagai hura zerri askara botatzea: ogi zatiren bat lurrera eroriz gero, muin eman eta jan egin behar baitzen. Zatia ez jateko moduan zikindu edo gogortuko balitz, berriz, su eman eta erre.

2030eko Garapen Jasangarriaren Helburuetan bigarrenak planetako gosearen amaiera du jomuga, eta hori erdiesteko baliabideak aldarrikatzen ditu. Aldi berean, Elikadura eta Nekazaritzako Nazio Batuen Erakundearen arabera, urtean 1.300 milioi tona elikagai galtzen dira alferrik munduan; urteko ekoizpen osoaren herena, alegia. Dilistak edo orburuak afaldu nahi ez dituen haurrari beti esan izan zaio ez dagoela ongi, Afrikan jendea goseak dagoen bitartean, barazkiei muzin egitea. Apur bat lotsagabetu ahala, erantzuten ikasten da, ordea, munduaren tripa zorriak ez direla aseko gure etxeetako txerri pertzen konpasean. Kontuak kontu, Shin Chani ere ez zitzaizkion piperrak gustatzen.

70eko hamarkadan, gurean, familiako diru sarreren %40 inguru elikadurara bideratzen zela diote. Egun, aldiz, apenas eskaintzen zaion hileko soldataren %10 jaten dugunari. Ofizioak, jada, ez dira horren ogibide.

Norbait etxean hartzean, mokadu bat eskaintzea edukazio kontua da, eta neurri berean ateratako hura estimatzea ere. Zer esanik ez, bisitariak aldean badakartza kafea eta txokolatea, pattardun bonboiak eta armairuaren sakonean iraungiko diren pasta kaxak.

Presaren eta bizi eredu estresatuaren aitzakiapean justifikatzen ditugu zutikako luntxak, pikatzeko zizka-mizkak eta eramateko kafeak. Ez nuke egin nahi baba txikiaren eta azaren apologiarik, laratzak eltzeari indukzioak ez bezalako kutsu bat eransten diola oinarrituz. Baina bai azpimarratu, erakutsi behar genukeela ahoratzen dugun horrekiko interes apur bat gehiago. Zein negutegi, ukuilu, laborategi, errota edo itsasontzitik eratorria den. Zein astok dakarren asteartean azokara. Merezi besteko patxada eta fundamentua eskaini behar genizkioke mahai bueltako otorduaren zeremoniari.

Zorionez, gero eta usuago entzuten dira tokian tokikoa, garaian garaikoa eta Km0; agidanez, badirudi zenbait hasi dela sustraiari erreparatzen, fruituari kosk egin aitzin. Jaten duguna gara, baita platerean uzten duguna ere.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide