Esan izan da memoria tontoaren inteligentzia dela. Agian horregatik, gurean, ohitura daukagu zenbakiekin jolas egin eta gogoan erabiltzeko. Bilakaera logikoa dirudi herrietako azoka plazen ertzetatik astotegiak kendu eta lurpeko aparkalekuak eraikitzeak, baina itxuraz, zenbait astakilo bere lekua aurkitu ezinda aritzen da. Marra laranjaren ertzeko Audia, espaloi gainera igotako Opela edo portaleko atean erdiz erdi dagoen Land Roverra; eguna joan eta eguna etorri, leku desegoki berean landatuak. Berea kilometro batera utzi eta oinez etxeratzen den inozoak matrikulen letrak eta zenbakiak buruz ikasteraino.
Norbere atestatuak beti txikikeriak dira. Minutu bat bakarrik izango da, sekula ez du trabarik egiten, eta noski, isuna bidegabea da. Arau hausteak salatzea oso itsusia da, baina ez da askoz politagoa espaloiak ume kotxeak ez pasatzeko moduan oztopatzea. Hala ere, TAOrik gabeko herria, ezin kexatuko da aparkatzea kostatzen zaiola eta, bestela hondartzarako sarrera galaraziko digute.
Ogia erostera goazenean, zaborra botatzeko orduan, bankuko gestio bat egiterakoan, umeak akademiati jasotzeko garaian; onena bigarren ilaran uztea. Lau argi keinukariak piztu eta zalditxo zuri bihurtu, total, momentu bat besterik ez da izango. Lekutan geratu dira ikastetxera bidean alpargata lokaztuak gaztaina zuloan utzi eta kaleko zapatak aldatu behar izaten omen zituzten ibilera haiek.
Ez dagozkigun eremuak okupatzeko joera dugu. Anbulatorioan autobusa, Donostiako unibertsitatera doazen ikaslez beteta. Haietako batek aulki bikoitzean eseri eta bizkar zorroa aldameneko jarlekuaren gainean utzi du. Hankak luzatu eta aurikularrak belarrietara; ez diezaiola inork bidaiaren bakardadea zapuztu. Alboan inor esertzen ez zaion disko saltzaile hark liokeen bezala, "autobus batean goaz guztiok, baina bide berean ez"...
Geldirik dagoenak enbarazu egiten badu, zer esanik ez martxan dabilenak. Kasko aerodinamikoa janzteak kaskezurra babestu adina itsutzen du, pentsa, semaforoen aurrean daltoniko bihurtzeko beste. "Errepidean geldikaitzak gara". Presaka dabilen gidariak luze irizten dio metro eta erdiari Urrestillarako bidean, paraleloan doan txirrindulari bikotearekiko. Etxera noiz iritsiko zain dauzkatenek ere, luze irizten diote igande eguerdiari. Besteren galtzetan eroso sartzen garelakoan egoten gara. Aldiz, nekezagoa da arrotzaren kuloteetan, gonetan edo gurpildun aulkietan kabitzea.
Hirigintzatik herrigintzara, iraganeko oroitzapenak lez datozkit gogora igandeetako pilaketak. Maiatzean Aizkorrira, uztailean Tourmaletera, irailean Zelatunera edo Kizkitzara joateko plana eginez gero, kontuan hartu beharra dago non baztertuko dugun automobila. Aurkitu zirrikituren bat, hurbila eta ordeka, baina beste inori bururatu ez zaiona. Zenbaitetan badirudi kuneta zuloetakoa lehiaketa bat dela; nor ausartuko gurpil gehien lokatzetan sartzera, nork igoko todoterrenoa aldapa handiagora, nork aurkituko aparkalekua erroskilen postutik gertuago.
Behinola Lazkao Txiki kotxean omen zihoan, stop seinale baten paretik igaro eta gelditzeko keinurik ere egin gabe pasatu zenean. Handik urrutira gabe zelatan zeuden guardia zibilek alto eman izango zioten, eta galdetu ea zer dela eta ez zuen frenatu; ea ez ote zuen stoparen seinalea ikusi. Joxemielek erantzun, stopa baietz, ikusi zuela, guardia zibilak beraiek zirela ikusi ez zituenak.