Mendian korrika egitea modan dagoela diote. Ibili beharrean gailurrera igo eta ahalik azkarren jaistea. Hori bai, txukun ekipatuta, etiketaz jantzita, natur estetika partekatzeak ondo ematen baitu.
Udako larunbat eguerdietan (zer esan elur lapratxak zuritzen badu), kexu gara jendearen emanaz, diosala lege dela azpimarratuz, adeitasunaren bidezidorretan. Zeinen arnasa garbia, zeinen bizi ohitura sanoak, zeinen maite ditudan gure bazterrak lanbrorik ez dagoenean. Neguko astegun euritsuetan, ez da kabitu ezinik izaten Ahargungo laiotz lokaztuan, kopetan argia daraman inorekin topo eginda ere. Noizbait Xoxoteko itzulia inor gurutzatu gabe egin duenak bota dezala lehen harria.
Horren guztiaren sorburuan, korrikalari kataluniar eta marka frantziar bat ditugu. Dohain berezidun kirolari karismatiko horrek, mendia eta kirola edo mendiko kirola berrasmatu ditu, malkarretan barna mugitzeko modurik eraginkorrena lasterka egitea omen dela eta. Bolumenari dagokionez, fenomeno hau ez zaio baloiaren zirkuari orpoetara ere iristen. Kuriosoa da zeinen futbolzale heldu gutxi hasten diren baloiari ostikoka, eta aldiz, zenbatek sinesten duten gai direla Kilianek besteko duintasunez Chamonixeko bailarak zeharkatzeko.
Boteprontoan, geroz eta jende gehiagok ariketa fisikoa egiteak, ingurumenarekin hartu-emanean gainera, pozgarria behar luke. Plastikoaren arazo modernoei, ordea, ez die kontzientziazioaren argudio zaharkituek balio. Hiri eta landa kohesioan, turismo orotan bezala gertatzen da: goaz, gabiltza eta gatoz. Bitartean ate-sareek irekita darraite.
Trailarena (nazioarteko izenik gabekorik ez da) esponentzialki hazi den eta haziz doan olatua da; lasterketa kopurua, korrikalarien kantitatea, ibilbideen distantzia eta Zegama-Aizkorriko itxaron zerrenda. Halaber, neurri horretako hazkundeari nekez eusten zaio denboran zehar. Garagardoaren aparra moduan, azkar eta kutsakor hedatutako zaletasunak luze gabe apaltzen dira. Moda bada, ez da iraunkorra, eta iraunkorra bada, ez da moda. Espedizioen kasuan askotxo esatea bada ere, igotzen den gehiena jaitsi egiten da.
Mendizaletasunaren militante historikoen jarreraz, honakoa da hipotesia: alde batetik, pozten dira zaletasunaren hedapena beraien lorpentzat dutelako, eurek erein zutelako horrenbeste jenderengan loratu den hazia. Katedrak dio gaurko sasi-atletek ez dutela zilegitasunik tontorreko patxadaren tribunalean; fianbrerako patata tortilla eta zahatoko ardoaren argudio aspergarriz. Hala ere, norbere baitara biltzean, bestelako burutapenak dituzte. Gu iritsi ginen lehenengo tontorretara. Guk urratutako bidean dabiltza besteak. Guri otu zaigu igande goizetako plana, eta beste guztiak akoplatu egin dira. Bidenabar, dekadentziaren aztarnarik ere nabari zaie, edozein ume moko plazatik San Inaziora bitartekoa 40 minutuan egiten ikusita. Sentipen tristea gailentzen zaie pentsatzean zergatik ez zituzten harrapatu trailaren modak, gerriak bigun eta zangoak bizkor zituzten garaian.
Mendiko haitzetan zehar jauzika gabiltzan ahuntzak garelakoan egoten gara, baina artaldera biltzeko joera dugu, beti baita errazagoa ardi izatea. Bakoitzak bere herrenarekin, elkarren abaroan, bee egitea. Artzantzan gauza jakina da ardi zaharrak zer egiten duen, zakurrarekin xaxatuz gero: korrika ihes egin, aldapan behera.