Iritzia

Kuraia on

Erabiltzailearen aurpegia Oier Etxeberria 2021ko abe. 28a, 14:04

Oier Etxeberriak 2021eko abenduko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Atzo pijamarekin entzuten genion irakasleari, dendetan arrabolak agortu ziren eta ogiaren errezeta buruz ikasi genuen. Gaur, gutxi-asko, bazkaritarako elkartu gaitezke, norbere taldea animatzera joan edo asteburuan elurretarako plana egin. Kontra pausoan gabiltzanean, agudo kexatzen gara (neu aurrena). Aldiz, bizitza bere martxan doakigunean, nekez hartzen dugu kontzientzia zeinen zortedunak garen jabetzeko. Akaso, inguruan ditudanek ere, beren baitan duten pentsaera da, baina alper samarrik dira une gogoangarriak kristalezko fraskoan gordeta.

Edozein egunetan egin diezaguke belaunak krak, edozein bihurgunetan irten dakioke kotxeko kulatari ke beltza. "Ongi gabiltzanean ez gara konturatzen zeinen ongi gabiltzan"; sarri entzuten den esaldia da, gehienetan anbulatorio edo beilatoki atarietan. Ez nuke istripuaren beldurrez ibili behar genukeenik esan nahi, istripurik ezaz gehixeago poztu gintezkeela baizik. Ez al da alaitzeko aski motibo gaur ez daukazula hagineko minik?

Batzuetan zoriona elkarbanatu ezin, eta hurrena berriz zeinen merke eskaintzen dugun. Oraintxe ez dugu, guk behintzat, senide gutxi batzuekin salbu, urtebetetze eguneko telefono deirik ere mantentzen. Whatsappeko taldean norbaitek jartzen du noren eguna den, eta atzetik doakio "urte askotarako!" zaparrada bat, bere emotikono eta guzti. Pertsonalizazio maila hori bada gertukoenei opa dieguna, konponduta gaude.

Hurkoaren mina ez, baina futbol taldeen garaipenak atoan geure egiten ditugu. Jaiegunak bailiran joriarekiko zorrak ospakizunetan kitatzeko. Premiarik gutxien dugunean galdetzen diogu elkarri zer moduz gauden; jada egarririk ez dugunean, irekitzen dugu txanpaina.

Goizetan irratian kolaboratzen duen amona batek aitortzen du, Jokin Altunak pilota partida garrantzitsuren bat duenean, kandela bat pizten diola Guadalupeko Ama Birjinari. Zorte on gida baimeneko azterketan! Ondo joan bekizu ebakuntza! Bidaia erosoa izan dezazula! Etxetik irtendako bakoitzean aitaren egitea erridikulizatzen dugu, baina, inporta digun norbaitek garrantzizko auziren bat duenean, desio onaren bidez ematen diogu babesa. Adeitasun hitzokin, zerbaitetan laguntzeko. Eragin nahiz bezala, eskumenik ez daukagun ausaren gorabeheretan.

Ubuntu jatorri afrikarra duen pentsamolde edo kontzeptu etikoa da. Haren arabera, gutako bakoitza gure zirkunstantziak egiten gaitu, eta taldekide bat ezin da zoriontsu izan, gainontzeko kideak ere hala ez baldin badira. Aitzitik, muga lausoa da alaitasuna elkarbanatzetik norbere ongizatea besteei esplikatzera. Deitu irudiaren belaunaldia, bizikidetza lehiakortasuna edo itxurakeriaren aroa. Erakusten ez dena ez da existitzen, beraz, zoriontsu izatea ez da aski, zoriontsu zarela frogatu egin behar da.

Azterketa ongi egin baduzu, edan trago bat. Gaizki egin baduzu, edan bi trago. Ikasleen axolagabekeria dirudi, baina agian ez da horrenbeste behar irribarre egiteko. Pentsa zenbat ardo botila ozpintzen diren bodegetan, zabaltzeko egun berezi baten zain.

Eguraldiak egiten badu klima, hala moduz umoreak bakoitzaren zoria ere. Funtsean, bion artean eraiki dugun hori da gure zortea. Luze aritu gintezke ausaz eta fortunaz; zenbat eman dien batzuei eta zenbat kendu gehiagori.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide