Iritzia

Etxekonekoak

Erabiltzailearen aurpegia Oier Etxeberria 2022ko uzt. 6a, 08:25

(Pixabay)

Oier Etxeberriak 2022ko ekaineko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Hemen biziko denik ez dago! edo A zer atari aldea daukaguna!. Gure belaunaldian bagara batzuk, dakigun gaztelania apurra telebista serie horiei zor diegunak. Seguru asko igogailu guztiek izango dute zer kontatua, gurea ere ez da salbuespena:

Lehenengo pisuan Nekaneren familia bizi da. Nekanek afizio handia du musikarako, horregatik, gurasoek, eskusoinu bat erosi zioten. Solfeoko eskalak hasitakoan, ordea, igarri zioten soinujole gisa ez zeukala etorkizun handirik, eta gitarra elektrikora aldatu ziren. Orain, Nekanek gitarra elektrikoa jo nahian pasatzen ditu iluntzeak. Etxepeko guztiok dakigun arren, itxuraz, gurasoek oraindik ez diote antzeman gitarra jotzaile bezala ere ez duela etorkizun handirik.

Bigarren pisuko bizilaguna emakume edadetu bat da. Kortinaren atzean ostenduta, ez da eskaileretatik eulirik ere igarotzen bera ohartu gabe. Geranioak ureztatzea du afizio nagusi, beraz, balkoiari emana bizi da. Asteburu edo jaiegun berezietan, berriz, alfonbrak astintzeari ekiten dio, espaloietako oinezkoen pozgarri.

Hirugarren pisuko maizterra Riki da. Rikiren jabea ere Rikirekin batera bizi da. Egunean hiru edo lau aldiz ateratzen dute elkar paseatzera. Itxialdi garaian etxepeko denei ematen ziguten inbidia lau hankako lagun zaunkariek. Orain, euria denean, gustura egoten natzaie leihotik begira, atariko lorategia ongarritu eta plastikozko poltsarekin jasotzearen zeremoniari.

Igogailua kartoiz josita badago, bosgarrengo bizilaguna obran ari delako izango da. Aurrena, pertsianak aldatu zituen, eta jarraian, egurrezko leihoak aluminiozkoekin ordezkatu. Iragarki batean zortzi orduko lana zela entzun bezain pronto, bainera kendu eta dutxa platera instalatuta dauka. Boladatan, gure portalak, meategi bateko sarrera dirudi, gremio guztietako hormigoi hondakinen almazen.

Seigarrengokoa txirrindularia dugu. Neguan arrabolan aritzen da, simulazio programa sofistikatuei konektatuta. Udaberriak epeltzen duenean, maillot eta kulote estuak jantzi eta errepidera irteten da. Eskailera atari guztien berezko apaingarri dira bizikletak; paseoko klasikoak, umeen trizikloak, lehen jaunartzean oparitutakoak... Gure lehengusu batek dio onena izatea beti dela zaila; beraz, etxepeko ziklistarik onena izateak ere badu meritua.

Solairu berean, aldameneko eskuan, haur txikidun familia bizi da. Goizetan eskolara iritsi ezinek eta merienda garaiko kasketek alaitzen dizkigute egunak, umeei oro, bizipoza baitarie. Halaber, gauetan negar hotsa zabaltzen dute sehaskatik eraikineko ohatze guztietara. Edo horrela diote behintzat ordu txikietan lau zotin medio esnatzen direnek; amek sentsibilitate berezia baitute, ume negarrarekiko.

Gehienok batere gabe bizitzea dugu amets, bizilagunik gabe, alegia. Ez baita erraza auzokideekin ongi konpontzea mugarriak tartean direnean. Baina behatxulorik ez balitz, nori buruz ariko ginateke neskazaharkerian, afaltzen dugun bitartean? Igogailuko isiltasun deseroso, eta begiraden akrobazia. Ahaidetasunik gabe ere, zorizko konplize gara, teilatupe beraren itoginak elkarbanatzen ditugu, nor bere hipotekaren karraio. Diotenez, landa eremu sakabanatuetan jendea elkarren ondoan bizi da, eta hiriguneetan berriz elkarren gainean. Ez da haatik gauza bera elkarren gainean eta elkarrekin bizitzea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide