Bekadunak

Erabiltzailearen aurpegia Oier Etxeberria 2022ko abu. 27a, 09:00

Oier Etxeberriak 2022ko abuztuko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Batez ere uda sasoian, ohikoak izaten dira komunikabideetan honelako iragarkiak: "Gurekin lan egin nahi?". Kazetari seniorren ikasturtea amaitu ahala lizentziatu berrien uholdea, udako albistegietan.

Bekadun terminoa erabiliak lausotutako hitza da. Askotariko ikaste-langile trantsizioak izendatzeko entzun arren, teknikoki beka bat ikasketarako edo ikerkuntzarako dirulaguntza litzateke. Antzeko zerbait gertatzen da praktikak hitzarekin ere. Testuinguruaren arabera, titulazioa eskuratzeko beharrezkoak, hautazkoak edo osagarriak izan daitezke.

Kasu askotan, gradu, ziklo, master edo dena delakoa amaitu duenari eskaintzen zaion lehen lan kontratuari, praktiketakoa, formakuntzakoa, deitzen zaio. Gehienoi praktiketakoen antzeko irudia datorkigu gogora: aginte egituraren azken katebegiak, fotokopiak egitera kondenatuta, lankideentzako kafearen karraio.

Beste kontzeptu bat ere badarabilte ahotan hezkuntza arduradunek: alternantzia edo duala. Ikasturtean zehar, klaseak amaitu ostean, ikasketekin zerikusia duen zerbaitetan jardunaldi erdiz lan egitea da alternantzia. Nonbait, jubilatu artekoak ez dira aski urte lanerako, eta ibilbide akademikoari ere koskatxo bat kentzea komeni da.

Horrek bi gauza iradokitzen ditu: batetik, ibilbide akademiko hutsak ez duela balio profesional bat lanean hasteko moduan hezteko; bestetik, erakundeek beren lana egiteko gai ez diren pertsonak kontratatzen dituztela, horien irakaskuntza beren gain hartuz eta salbuespenezko akordio ekonomiko bat erdietsita.

Badira ikasketa planetik kanpoko praktika batzuk ere, guraso askori ideia ona iruditzen baitzaio semeak edo alabak udan bolada batez lan egitea, pezeta batzuk ateratzeko. Kostaldean ostalaritzan, barrualdean tomate biltzen edo ume zaintzan. Praktika horien ikasgaia leziorik oinarrizkoena da: eskarmentua. Egunean zortzi ordu, bizitzako 40 urte horrela pasatu nahi ez dituena saiatu bedi liburuei begira.

Haurrek 16 urte bete artean, derrigorrezko hezkuntzan oraindik, bekek bestelako izaera dute. Etxean zailtasun ekonomikoak dituztenentzat eskola materialera eta jangela zerbitzura bideratutako laguntzak dira gehienbat. Janak eta liburuek berdinduko dituztelakoan diruaren hanka zuloak.

Gaur egun, hormarik gabeko haur eskoletan edo Arizmendiarrietaren oinordekoengandik antzeko esloganak entzuten dira. Proiektuetan oinarritutako metodologiak, teoria buruz ikastearen arbuiaketa, talde dinamikak, arazo errealei konponbidea emateko lanketa, ebaluazio jarraia eta abar. Nork berea soilik du eredu pedagogiko berritzailetzat eta originaltzat. Azterketetan bezalaxe, nabarmena izaten da batak besteari kopiatzen badio.

Unibertsitateetako propagandak kolonia iragarkien fidagarritasun berbera dauka. "Gustatzen zaizuna ikasi" baina "etorkizuneko lan irteerak" ahaztu gabe, buruan larunbat iluntzeak besterik ez dituzten nerabeentzat.

Derrigorrezko hezkuntza amaitzean ez dago bakoitza zein sehaskatakoa den disimulatu beharrik. Formakuntzak jakineko bideetara irekitzen ditu ateak. Bekadun batzuei Eman ta zabal zazu edo Jakintzak askatuko zaitu predikatuko zaie. Beste batzuk zokaloentzako eskaileraren bila bidaliko dituzte. Ordurako erabakita egoten baita nork garbituko dituen eskuak komunera joan aurretik, eta nork komunetik irten eta gero.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide