Etxeko indarrarekin

Erabiltzailearen aurpegia Oier Etxeberria 2024ko mar. 16a, 07:38

(Argazkia: Pixabay)

Oier Etxeberriak 2024ko otsaileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Txerria aulkira jaso eta lehengo era zaharrean hilko bada, kuadrilla koskorraren beharra izaten da: gantxoa sartzeko norbait, odola gatzatu gabe baldean hartuko diona, aurreko hanka bietarako eustailea eta atzeko hanka bakoitzerako bana. Sistemok, dena den, zaharkituak dirudite.

Uztarria, oro har, idiari esleitu izan zaion lanabesa da, historia indartsuenek idazten dutelako akaso. Hala ere, familia guztiek ez zuten abelgorri antzuok bazkatzeko adina ahalmen izaten, eta baserri gehienetan ohikoagoa zen behi parea uztartu eta soro zelaietako lanetan maneiatzea. Gertatuko zen behiek karreatu ezinezko karga astunak ibili beharra ere, eta horrelakoetan itzainen batengana joko zuten. Ordea, ahal izanez gero, ukuiluko abereekin moldatuko ziren.

Egungo bizimoduan, sistema utopiko samarra da eraikinen batek erreteila behar duenean, edo bide bazterrak garbitzea tokatzen denean, auzokoak elkartu eta bakoitzak bere alea jarriz auzolanak gauzatzea. Azkenean ostrokoa eginda, odolkiak ordainetan jasotzeko esperantzan. Tamalez, sarriago irakurtzen dut "Gremioen koordinazioaz arduratzen gara" iragarkia.

Talde dinamikak sustatzeko ikastaro guztietan azpimarratzen dute, laguntza behar denean eskatzeak duen garrantzia. Ez da haatik inportantzia gutxiagokoa apur bat autonomoa izatea. Norberak egiten baino gehiago kostatzen baita, zenbaiti eginarazten.

Estrategia industrialen joera beti izan da fabrikazio prozesuen optimizazioa. Horretarako entzutetsuenak diren Lean, Kaizen edo Toyotarena bezalako metodoek balio erantsi gutxiko eragiketak muntaketa sekuentziatik baztertzea defendatzen dute. Alegia, langile espezialistek zirujauek bezain eroso lan egin behar dutela: erremintak eskura ematen zaizkiela eta erratzarekin denborarik galdu gabe. Hanka geldian eta gerrieran. Horrek produkzio bolumena handitzea eta efizientzia hobetzea ahalbidetzen baititu.

Gero, langile azpikontratatu bat aldamiotik amiltzen denean hausnartzen dugu, inork ez lukeela inoren azpi izan behar. Eta garbitzaileek greba egiten dutenean, balio erantsia erantzi izan baligute bezala dela. Interneteko plataformak gai dira paketeak etxeetara garraio kosturik gabe bidaliko dituzten banatzaileak aurkitzeko. Eta magikoak Ekialdeko Erregeak omen dira.

2020. urteko Frantziako Tourrean, bi esloveniar podiumeko aurrenengo postuetan gelditu zirenean, Xabier Usabiagaren aipua da honakoa: "Harrobia landu, harribitxia leundu eta gero garaipena gozatu". Kuriosoa da: Lezaman, Taxoaren edo Zubietan egongelako alfonbra baino zelai leunagoak daude, eta hala ere harrobi deitzen diegu...

Ume txikiek sukaldean zerbaitetan laguntzeko itxura egindakoan, esaten zaie beraiek prestatu dutela platera. Norberak eginak, halako harrotasun puntu bat eman behar bailuke. Horregatik egiten zaizkit ulertzen nekezak Real Madril, Valentzia edo Chelsea taldeen jokoak liluratuta, bertako zale diren gipuzkoarrak. Harmarrien defentsa irizpideak horiek badira, atajuan daude burujabetza energetikoa, politikoa eta elikadurarena.

Teilatupe guztietan izaten dira komeriak txerriari eusteko. Nola auzoko ogia estimatua den, aulki jokoan gertatzen da etxekoa sukalde lanetan aritu eta kanpokoa kioskora igotzea. Mintzaira arrotzen aurrean Xalbadorrek argi zeukan: "Ez ederrarengatik bakarrik, baina gurea delakotz".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide