Onartu guztiak

Erabiltzailearen aurpegia Oier Etxeberria 2024ko uzt. 13a, 13:44

(Argazkia: Pixabay)

Oier Etxeberriak 2024ko ekaineko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzia artikulua da honako hau.

Cookieak gurin eta azukrezko gaileta amerikarrak dira, txokolatezko pipitadunak. 1930 inguruan Ruth Graves Wakefieldek merkaturatu zituen.

Konturatuko zineten, Interneten kontzeptu edo produkturen bati begira arituz gero, handik aurrera gai berari buruzko iragarkiak agertzen direla behin eta berriro. Ez naiz informatikan aditua, baina gutxi gorabehera: sarean maiseatzen dugunean, bisitatutako orrialdeek fitxategiak bidaltzen dizkiote gure nabigatzaileari. Horrela, orrialdeek erabiltzaileon datuak eta gure bilaketen inguruko informazioa eskuratzen dute, eta jakintza hori baliatzen dute hurrengo bilaketetan gomendioak egiteko eta iragarkiak pertsonalizatzeko. Dirudienez, izenak zorte onaren gailetekin du zerikusia. Zorte onaren gailetek barnean paper batean idatzitako mezu edo esaldiren bat izaten dute jaten dituenarentzat; eta informazioaren garraioa omen da Interneteko artxiboak cookie gisa bataiatzearen motiboa.

Norbere buruaren onarpenerako paraje labaina da sare sozialen eskaparatea (orain sare telematiko deitu behar zaiela diote), bai eta besteren berezitasunei oniritzia emateko ere. Gure belaunaldiak hor nonbait ikusi du sakelako adimendunaren gorakada eta wifiaren hedatze masiboa. Ezagutzera iritsi ginen, ordea, gizartean askoz pisu txikiagoa zuten garai hura; pentsa, estreinako telefonoa aurreordainketa txarteldun Sony Ericsson W595 bat izan nuen. Horrek neurri batean sosegatzen nau, balizko itzalaldi apokaliptiko baterako txertoa jarrita bageunde bezala.

Gauzak horrela izan, edo gauzak horrela egon, jakinaren gainean gaude. Youtubeko bideo bakoitzaren aurretik bi iragarki ikustea eta Whatsappek etengabe emotikonoak lekuz mugitzea. Horiexek dira joko arauak; zerbitzua probestu nahi duena pasa bedi kutxatik, irakurtzen ez ditugun kontratuek letra txikia eta sinadura handia baitute. Horren ostean indar gutxiko kexuak baizik ez dira gelditzen. Justifikazio zailekoa da, sistemaren parte izanda, sistema kritikatzea. Erregearen Kopan parte hartu eta finalean ereserkiari txistu egitea. Pikatzeak ez du balio, pikatu sega egiten da.

Astuna litzateke etengabe gure kontraesanetara itzuliko bagina, eta errazagoa da haiei entzungor egitea. Intentzio txarrik gabe, baina Auschwitzen eskuak burura daramatzagun naturaltasun berarekin begiratzen diegu telebistak Ekialde Hurbiletik dakartzan irudiei.

Aurrenengoz entzun nuenean, grazia egin zidan olagarroa konpainiarako animalia bezala onartzearen esamoldeak. Zerbait desegokia izanda ere, ez ikusiarena egin eta aurrera jarraitzea adierazten du. Sukaldeko arrainontzian imajinatzen dut bentosak kristalaren kontra, eta gogorarazten dit My Octopus Teacher pelikula oraindik ikusteko daukadala...

Kuadrilla afarietan kontuak egiteko Bizuma oso erosoa da, baina legez kanpoko transakzio ekonomiko handietarako, adibidez, ez litzateke sistemarik aproposena. Nabigatzen jarraituko bada, beharrezkoa dugu erregaiak eta peajeak ordaintzea. Denak onartzea. Derradan bidenabar, ezin dudala ulertu zer dela-eta deitzen zaion bidesari, errepide bat igarotzeagatik txanponak ebasteari. Jakitun izan gaitezen behintzat, Hansel eta Greteli bezala, guri ere gaileta apurrek ibilitako bidearen arrastoa seinalatuko digutela.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide