Orrazkera

Erabiltzailearen aurpegia Oier Etxeberria 2024ko urr. 20a, 09:00

(Argazkia: Pixabay)

Oier Etxeberriak 2024ko iraileko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Futbolean, baloia buruz desbideratu bai, baina ganoraz jotzen ez denean, erdiraketa orraztu egin duela esaten da. Baita gurdia belarrez kargatu, eta eskuarearekin zintzilik gelditutako hondarrak biltzen direnean ere.

Normalean, ardi aziendari udaberrian mozten zaio ilea, udan mendiko larreetara bidali aurretik. Bai beroak erasan ez diezaion, eta baita ukuiluetara sartutakoan txukun eta arinago ibil dadin ere. Urteen joanean aldaketa bakarra ez da izan guraizeetatik makina elektrikoetara pasatzea. Aldi batez, erauzitako ilea probestu egiten zen; irun, astalkatu eta irazki, hariak eta ehunak lortzeko. Orain, berriz, baserritarrek diruz ordaindu behar dute artilea hondakin bezala kudeatu diezaieten.

Hanka bikook, berriz, urtean behin baino sarriago joan ohi gara ganbara apaintzera. Ez da gutxiagorako, bera baitugu besteren aurrean lehenengo aurkezpen gutuna. Esate baterako, Erasmuseko egonaldian, espainiarrek segituan seinalatzen gintuzten kuadrilla bat; kalparrean nabarmentzen omen zitzaigun euskaldunak ginela.

Tximak transformaziorako elementu ere badira. Inauterietan beste norbaiten izaera bereganatu nahi duenak, ileordea jantzi besterik ez du Pipi Kaltzaluze, Einstein edo Bob Marley bilakatzeko. Arrazoi bera medio hasi izango ziren XVII. mendeko epaile britainiarrak auzibideetan ileorde zuri kizkurrak erabiltzen, kondenatuek ezagutzea saihestu eta anonimotasuna mantentzeko. Soldaduskarik egin ez dugunontzat ere, gauza jakina da armadan kaskarra motz-motz eramatera derrigortzen dituztela. Horretarako aitzakia garbitasuna izan daiteke, baina baita kide bakoitzaren nortasun propioa ezabatzea, homogeneizatzea ere.

Eguneroko bizitzak ere ahalbidetzen ditu estilo aldaketak: flekillo okerrak edo hipster bizar zainduak. Kontua da, luzetik laburrera momentu batean egin daitekeela, baina hazten uztearena prozesu luzeagoa dela.

Elosegi txapelen tradizioa desagertuta dagoen arren, irudipena dut asko ugaritu direla biserak, dagoeneko atzera luzatu diren kopetak estaltzeko. Batzuek besteek baino errazago onartzen dute soiltasuna; finean gutxitarako balio baitu Alpecinengan fedea izateak herentzian jasoaren aurka. Mozterakoan apenas begiratzen zaion ilargi aldiari, baina landaketan aritzea geroz eta ohikoagoa da.

Beti iruditu izan zaizkit originalak pelukerien izenak: Kaskamotz, Tximak, Mototx, Adats, Sorgin Orrazi, Motx, Menats... Danborradan, ezkontzetan eta Elegante Egunean ofiziorik estimatuena. Itzalean lan egiten dute, beste batzuek fokuetan luzi dezaten. Topikoa den arren, egiatik ere izango du ile apaindegiak txutxumutxuen iturri eta hedabide izateak. Zerbitzuaren parte da. Sozializazio eremu baitira; edo izan dira behintzat, historikoki. Azoka egunetan, señorak irudikatzen ditut kontuak esaten, burua ruloen lehorgailuko kanpaiaren barruan sartuta.

Son Gokuk henna rubioa emango balu, Super Saiyan bihurtuko ote litzateke? Eta Samsomek degradatua eginda, indarra galduko al luke? Ez dakit orrazkerak asko dion gutaz, edo aurreiritziak eraiki besterik ez dituen egiten. Aniztasunak aniztasun, oraindik ere ez zaio berdin begiratzen kresta punkiari, gerrirainoko rastak dauzkanari edo gominarekin alboan marra eginda daramanari. Eskerrak koskatsu moztutako astoa zortzigarren egunerako disimulatzen den.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide