Hutsetik hasi

Erabiltzailearen aurpegia Oier Etxeberria 2024ko abe. 21a, 08:48

(Argazkia: Pixabay)

Oier Etxeberriak azaroko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Gauzak bere lekuan egoteak sosegatzen zaitu, errutinek. Gorputza zain egoten da iratzargailuak noiz joko; badakizu zein ahotsek emango dituen albisteak irratian. Lagun berberekin hartzen duzu beti kafea, edo lagun berberekin ez duzu kaferik hartzen. Bidegurutzeetan pentsatu beharrik gabe zaramatza autoak lantokira goizero.

Dagoeneko osatuxea zenuen iritzia Ekialde Hurbileko gerraz, Europako eskuin muturraz eta Alemaniako automobilgintzaren industriaz. Baina papera eskuetan zimurtu eta zakarrontzira bota duzu.

Zerk bultzatzen du abeslaria, talde arrakastatsua utzi eta bakarkako bideari ekitera? Egoak akaso? Autonomia artistikoak, bere sentitzen ez dituen akordeetatik askatzeak? Deseraiki, berrasmatu.

Gaixotzeko inoiz ez da une egokia. Beti daukazu epe laburrean atzeratu ezinezko konpromisoren bat. Jokalariek denboraldiaren garairik garrantzitsuenean hausten dituzte lotailu gurutzatuak; hala ere, ligak jarraitzen du. Ez dakizu zure autoak non dituen larrialdietarako triangeluak, ez zenuke asmatuko gurpila aldatzen, autopistan zulatuko balitzaizu. Arratsaldean badaukazu tarte bat libre, baina ez zara horretan hasiko.

Zuri beldurra ematen dizu edozein momentutan telefonoa izorratu dakizukeela gogoratzeak. Argazkiak, dokumentuak, kontaktuak. Ez dituzu segurtasun kopiak behar bezain sarri egiten. Nahiz eta galdu zaizkizun gauza guztiak, azkena utzi zenituen lekuan dauden.

Ez zara fio edozein orritan zabalduta irakurtzen hasi daitezkeen eleberriez. Hori baino estimazio handiagoa diozu gertakarien sekuentzia logikoari. Inertziak behartzen gaitu autobusa geltokira iristean heldulekua oratzera, inertziak eusten dion bezala bidean doan bizikletari zutik.

Buruan darabilkizu lanpostuz aldatzea. Lehengo lekuan ere ez zaude gaizki, aitzitik, zerbait hobearen itxaropenak nagusiari tapete azpian karta batekin bezala begiratzeko balio dizu. Kostatu egiten zaizu, andre batek administrazio publikoko bere funtzionario postuari uko egin eta umeentzako arropa jostea ogibide bihurtu izanaren istorioa sinestea. Etxez alda zintezke. Beharbada, askeago zinateke logelaren ertz batean pilatu dituzun baina beharrezkoak ez diruditen trasteengandik ihes eginda. Baina beharra, oso gauza erlatiboa da. Eta eskua eransten diezun aldiro gogorarazten dizute, noizbait behar izan zenituelako daudela trasteak ertz batean pilatuta.

Orain ere gauzak dauzkazu egiteko. Zuk bestek egin ezin ditzakeen gauza garrantzitsuak. Ordea, bati ekiten diozun bezain pronto oroitzen zara beste hartaz. Lasaiago hartzeko esaten dizute, ez dela horrenbesterako. Baina zuk ez duzu lasaiago hartu nahi, zuk checklist-a berdez margotu beharra daukazu koadernoaren orria pasatzeko. Ideiak ordenarik gabe datozkizu, arrapaladan. Tetriseko piezak ez dira elkarrekin ezkontzen, bata bestearen gainean pilatzen ari dira geroz eta abiadura handiagoan, forma egokitzea ezinezko bihurtu arte. Game over.

Sistema operadorea berrabiarazi nahi zenuke. Tabula rasa egin. Sakelako telefonotik amaitu gabeko atazen zerrenda ezabatu. Ordenagailuko pantailan itsatsitako post-itak kendu. Mesanotxe gainean noiz irakurriko zain dauzkazun liburuak suari bota. Ez zaizkizu agobio eta estres hitzak gustatzen. Buru osasunaz mintzo dira, baina zuri entregatzeko dauzkazun enkarguek bularra estutzen dizute, eta kostatu egiten zaizu hori deskribatzeko hitzak aurkitzea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide