Ttur-ttur

Erabiltzailearen aurpegia Oier Etxeberria 2025ko ots. 27a, 08:44

(Argazkia: Nerea Uranga)

Oier Etxeberriak urtarrileko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Batzuek ttur-ttur deitzen diote, beste batzuek piperpoto. Modu desegokian, gidabaimenik gabeko auto ere esan izan zaie; baina zirkulazio hiztegiaren arabera, matrikula horia daramaten kotxe txiki hauei kuatriziklo arin deritze.

Lehen, landa eremuan bizi ziren nerabeek ziklomotorrak erabiltzen zituzten herrira joateko. Azken boladan eta gure bailaran, ordea, 15 urte bete eta AM gidabaimena ateratzen duten gazteen artean kuatrizikloek guztiz ordezkatu dituzte 49cc-ko motoak. Bi gurpiletik lau gurpiletara pasatu samartu gara, gasolinatik dieselera, nabari izaten zaio hotsean ere. Motoekin alderatuta, erosotasun eta segurtasun abantailak bistakoak dira.

Europako automobilgintzak baditu piperpotoak baino arazo larriagoak. Errekuntza motorren gainbehera geldiezina da, eta auto ekoizleak oro, elektrifikazioaren bagoira igo nahian ari dira ero moduan. Inguruan, ziur denok dugula ezagunen bat automozio sektorearekin lotuta lan egiten duena. Egitura ekonomiko izugarri horren gurpilak birak emateari utzi, eta balantza egiten ari da aspaldion. Ahal dutenek, beraien produkzioa auto elektrikoen osagaietara bideratu dute, eta beste askok sektorez aldatzea deliberatu dute bizirauteko. Gainera, ibilgailu elektrikoen pastela ekoizle txinatarren mahaira lerratzen ari da guztiz. Beldurra ematen du datorkigunak, arlo honetan ere.

Hegazkinak automobilak bezainbat jartzen dira jo puntuan. Bai oporretarako hartzen ditugun hegaldi komertzialengatik, bai eta hegazkin pribatuen aztarna neurriz kanpokoagatik ere. Egiari zor, Europako CO2 isurien hirutik bat da gutxi-asko pertsonen eta salgaien garraioari dagokiona. Kilogramotan esanda, zaila da kopuruaren dimentsioa benetan ulertzea, gehitxo dirudi edonola ere. Argi dagoena da, pertsona bat edo Amazoneko pakete bat garraiatzeko bi tonako metal multzoa mugitzea ez dela energetikoki jasangarria.

Donostian obrak daude bazter guztietan, eta aparkatzea ezinezkoa da. Biribilgune bakoitza desesperazioak lotzen du hurrengo semaforoarekin. Bertako gidariek aho batez diote trafiko aldaketen asmo bakarra jendea gogaitzea dela, amore eman eta auto pribatua erabiltzeari utzi diezaioten. Valentziako hondamendiaren ostean, lur orotariko ibilgailuak eskatu zituzten garbiketa lanetan hondakin astunak kentzeko. Todoterreno jabeek zioten, erdi brometan erdi serio, emisio baxuko guneak izendatuz, hiriburuetarako sarbidea debekatu zietenak direla estuasuna iritsitakoan laguntza eske joan zaizkienak.

Hegalariak oraindik ez, baina gidaririk gabeko ibilgailuena oso garatuta dagoen teknologia da. Gaur egungo aurrerapen mailarekin, posible litzateke autopistak guztiz autonomoak diren kotxeekin betetzea. Kontua da, horretarako kotxe guztiek izan beharko luketela autonomoak, eta gizakiek gidatutako ibilgailuekin tartekatzean bihurtzen dela ezinezko bateragarritasuna. 

Dena den, mugikortasuna ez dira Volkswagen eta Tesla bakarrik, baita tren geltokirik ez eta tren museoa duen herria izatea ere. Baso lanetan egur kamioiek pitzatutako baserri bideak; Frantziako Tourra pasatzeko zorua berritu zaien mendateak; norbaitek aldizkari honetara kexua bidalitakoan, Ibai Eder urtegiaren inguruko sasiak ebakitzea. Ezkioko lotunea mugikortasuna da, baita Urrestillako Sinberguentzako zubia ere.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide