Oteizaren frontoiak izan zitezkeen, harbidezko plaza berria edo ura darien barrikak. Baina Munategitik gora badagoen eta handik behera falta den beste elementuetako bat herri barruko garraio publikoa da.
Izatez, zerbitzu hori herri koskorretan baino askoz ohikoagoa da hirigune handietan. Esate baterako, gure kapitaleko erietxera joateko modurik aproposena Dbus 28a hartzea da. Bestelako autobus linea publikoen eta urbanoen artean bi desberdintasun nabarmentzen dira: batetik, bidaia ordaintzeko, txartela ez da igotakoan eta jaitsitakoan bietan pasatu behar; sartzerakoan soilik baizik. Esan nahi baita berdin diola bidearen luzeak, ez duela tarifan alderik. Bigarren ezaugarria da, ibilbide urbanoetan ez zaiola ordutegiari aldez aurretik begiratzen. Maiztasun handia izaten dutenez, batera garaiz iritsi ezta ere, hurrengoaren zain egon zintezke markesinan.
Akaso jende asfaltatuaren bereizgarria da autobus batek ihes eginda ere beste bat etorriko zaion ziurtasuna izatea. Zerbitzuz osatutako inguruan bizi den norbaiten ikuspegia litzateke hori.
Oinarrizko beharrizanak aseta ditugun garaiotan, populazio jantziak aisialdi hutserako espazio bezala ikusten du natur eremua. Telebistako programetan landa inguruaren irudi erromantizatua erakusten diguten bitartean; natura ogibide bilakatu nahi duen gazte ameslariarena kasu. Lasaitasuna eta lanarena. Beraz, ez da harritzekoa San Tomas festetan abarkak jantzi eta ogiaren ordez taloa jatearen antzezpenak adineko jendea gogotxartzea.
Aspaldion, behin baino gehiagotan galdetu didate auzo batean zenbat lagun bizi diren. Errazena bertan erroldatutako pertsonen gutxi gorabeherako kopurua ematea litzateke. Baina ez nuke esango erroldatuta egotea bizitzea denik; are gutxiago inguru ez urbanoetan. Bizitzeak lo egin eta lanera bidaiatzetik haratagoko parte hartze soziala eskatzen baitu.
Geografikoki, herri bakoitzeko Hiri Antolamendurako Plan Orokorrari erreparatu beharko genioke lurzoruaren urbanizagarritasuna behar bezala zedarritzeko. Eraikuntzaren karietara, sator zulo handiak agertu dira helburu espekulatiboekin birkalifikatutako orubeetan. Beste era batera esanda, definitu genezake territorio urbanoa, menditik behera jaisterakoan gurutzatzen dugun jendeari "Iepa!" esateari uzten diogun tokia bezala. Edo bazter batean pixa egiteagatik isuna jarri diezaguketen ingurua. Ala txakurrak katean egotetik balkoian egotera pasatzen diren eremua bailitzan.
Merkataritza zentroena jadanik iraganeko kontua izan arren, bizitzaren zati oso handia egiten dugu herritik kanpo. Periferian jaiotzen gara, bertan eraikitzen baitira ospitaleak. Herrigunetik geroz eta urrutiago daude ikastetxeak. Crossfit gimnasioak, okindegiak eta gastrotekak, denak industria pabiloietan kokatzen dira. Kadeteen bizikletako lasterketek tailerren aparkalekuak dituzte ibilbide, eta hango negozioetan egiten du lan bigarren sektoreak. Adinekoen zentroak ahalik eta ezkutuen, beilatokiak bezalaxe; bizitzaren etapa guztiak poligonoetan.
Seguruenera asmatutakoa izango da Donostiako autobuseko baserritar harena. Autobusak goian burdinazko barra edo helduleku luzeak izaten ditu, eskuarekin oratu eta mugimenduan balantzari eusteko. Sartu da behintzat baserritarra autobusera, eta bidaiari mordoa zutik, besoa goian hagari helduta ikusi zuenean, esan izango zien egoteko lasai, berak bakarrik ere eutsiko ziola barrari eta.