Zer gertatu zen euskal presoekin?

Erabiltzailearen aurpegia Pako Aristi 2015ko ots. 2a, 17:11

Bilboko presoen aldeko manifestazio beti-erraldoiaren ondoren (nahiz eta iaz baino 50.000 lagun gutxiago inguratu), bertan izandako hainbat pertsona anonimoren aitorpenak etorri ziren hurrengo eguneko prentsan. Orohar hiru mezu eman zituzten denek. Bata: konponbidearen giltza Espainiako gobernuak daukala, pausoak eman behar dituela, gatazka politiko bat dagoela onartu, eta hori gainditzean iritsiko dela etorkizuna.

Bigarren mezuan, ordea, onartzen zuten ez dutela asko espero Madriletik; gobernu aldaketa bat gertatzen bada soilik etorriko omen konponbidea. Podemos aipatzen zuten batzuek, besteek kalean sumatzen omen den iraultza giroa. Baikorrenek, pentsamendu magikoa atxekirik, hau izango dela azken urtea, azken manifa.

Hirugarren ideiak, aldiz, lehen ideia ukatzen zuen: Hiritarren esku dagoela konponbidea, gizartearen parte hartzearekin lortuko dugula. Eta anabasaren erdian esaldi bat, leiv motiv baten gisara: "Gu etortzen ez bagara, gauzak ez dira inoiz aldatuko". Berehala piztu zidan galdera: "Gu hona etorrita, gauzak aldatuko al dira, bada?".

Kasuistika historikoari tira eginda, zenbat aldaketa etorri dira azken hamarkada hauetan manifestazio baten ondorioz? Manifestazioak ez ote dira, dagoeneko, politika antzu baten azken gotorleku, ezintasunaren apaingarri eder, lorpen gabezia larri baten tapaki? Sektore askotatik kritikatu da, aspaldian, manifestazioen modeloa, adierazpen politikaren hutsala, eta are gehiago: ez al da bihurtu etsaiari gure beharrak zeintzuk diren agertzeko modu anti-estrategiko bat?

Euskal Herrian iritsi da une bat, non, manifestazioak baliagarriagoak bihurtu diren parte hartzen dutenentzat, helburuak lortzeko baino. Hor baretzen du urduritasuna zerbait egiteko grina daukanak, hor gozatzen du gogo mikaztua hankasartze estrategikoak burutu dituen buruzagiak, hor estaltzen du inoperantzia aginte postutik ezertara ausartu ez den agintariak, hor zuritzen dira behiala borreroen kolaboratzailetzat hartuko genituzkeen politikoen historialak, hor du irabazten egun batzuetako ospea inongo sentiberatasun nazionalik ez daukan ospetsu mediatikoak, jendetzaren abaroan gordetzen du bere burua egiari izu basatia dion horrek ere. Baibaitaki leihoan, bakarrik, herri honi begira zinez mintzatu beharko balu, hau esanen lukeela: "Ez daukagu ideiarik ere presoak nola askatu! Ez dakigu zer egin! Ez daukagu zer egin, gure eskutatik kanpo geratu zelako haien zortea!".

Agian ez genieke halako garrantziarik eman behar euskal presoei, zeren funtsean, senideak kenduta, gainontzeko biztanleek oso minutu gutxi eskaintzen dizkiete urtean zehar haien gogoetetan. Politikoek, zer esanik ez. Afektazio operistikoaren antza hartzen dute presoen aldeko antzezpen kutsuko soflamek. Estrategikoki baliagarria litzateke sostenuto-aren bibrazioa murriztea, etsaiak ez dezala pentsa oso garrantzitsuak direnik guretzat, bere estrategia bakarra gure beharrak ezagutzea eta haiek zapuztea baita. Ozenen aldarrikatzen duguna, huraxe izango zaigu lortzea zailen.

Euskal preso bat prentsan agertzen den bakoitzean argi gorri bat pizten da espainolen burmuinean, gaitzespen txirrin bat entzuten dute belarrietan. Eta ez da mendeku kontua, hemengo politikari irudimen gutxikoek etengabe aipatzen duten gisan. Ez da mendekua, menpekotasuna baizik. Menpekotasuna da Espainian gurekiko harremana ulertzeko daukaten kode semantikoa, menpeko gisan soilik ezagutzen gaituzte. 500 urtez zerbaiten jabe denak oso ongi daki nagusi gisan portatzen, eta bere propietatekoa dena bere lekuan jartzen. Menpeko gisa portatzen garen heinean soilik emango digute bakea. Bestela, gerra. Baina ez da mendekua, harreman historikoen ondorioa da. Estatu batek ez du inoiz mendekurik bilatzen; menpekotasunak irautea baizik. Hori du helburua.

Eta badakite presoak ez direla edonor; zer, eta ustez menderakuntza hori ezabatu nahi izan zutenak dira, Espainia armen bidez makurtu nahian. Intentzio txar guztiak zeuzkatenak; indarrak gaizki neurtzea, horixe euren errua. Oso garbi daukate armen bidez lan politiko bat burutu nahi izan zutela. Ana Iribarrek berak argi aitortu du hau urtarrilaren 23ko elkarrizketa batean. Horregatik, presoen arazoa bere testuinguru politikoaz desjabetuz giza-eskubideen kontu soil bihurtzeak kausa ahuldu baino ez du egiten, beste dimentsio batera darama, kasik zorigaitz naturalen aurrean aktibatzen den laguntza humanitarioaren esparrura.

Ahaztu ditzagun euskal presoak; egin dezagun simulazio kolektiboko ariketa bat bost urtez, ez ditzagun goraipatu bertso-bazkari, tortilla lehiaketa edo jaietako egitarauetan, gera bitez manifestazioak garai antzu baten isla erakusteko ekintza antropologiko gisan.

Ez dezagun informatu ezta aske geratzen doazenei buruz ere, bakoitzaren herrian salbu. Izan dadila zerbait oso lokalista, ez nazionala. Desaktibatu dezagun presoek espainolei eragiten dieten pozoin gisako mikaztasun hori. Ezer ez dira guretzat, hor konpon, ez zaigu jadanik zipitzik inporta, aspertu gaituzte kokoteraino.

Aspertu ditzagun espainolak gure indiferentziarekin, ikus dezaten ez daukatela gu, alde horretatik, mintzeko aukerarik. Ez dagoela hor puntu neuralgikorik.

Joango dira soltatzen lehenago, gure oraingo presioarekin baino, ez zalantzarik izan. Presioak, izan ere, bideratu dezake laguna zure alde jartzera; baina etsaia, etsaia gotortu egiten du presioak are gehiago, zure aurka. Bitartean joan gaitezen gure menpekotasuna murrizten, epeak gaindituz bat-batekotasunaren bidean; ez daukagu urte askoz gehiago itxoiterik. Horrek salbatuko ditu euskal presoak bakarrik ez, euskara ere bai, kultura, industria eta herri gisa egiten gaituen guztia, arazo nazionalaren ondorio baitira denak. Aldebatekotasunaren apustua oso ona zen askatasunerantz zuzendu balitz, eta ez sisteman integratzera. Ahalmen infinitua zeukana murriztua geratu da, tamalez, tristeki kamustua.

Presio eraginkorra egiteko adina indarrik ez badaukagu, izanen dugu deskonpresio sineskorra antzezteko behar den adimenik?

 

(Berria-n argitaratutako artikulua, 2015-02-01)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide