Bi euskaldun euskaraz hasten direnean, erlojua begiratzen dut: zenbat beharko dute espainolezko esaldiak sartzeko, 30 segundo? Minutu bat? Edadetuek soilik eusten diote tinko. Besteak laster entzungo dituzu "etorri hadi gurekin, lo pasarás bien!" esaten, "istripua hementxe izan zen, aquí mismo!", "ez du oso ondo dantzatzen, baina lo da todo!" eta gisako milaka esaldi narras.
Lehendik ere bazetorren joera bat guztiz hedatu da azkenaldian: euskarazko esaldietan espainolezko hitzak sartzekoa, lokuzioak, edo lerro osoak, batez ere euskaldun zaharren ahotan. Aspaldi Mikel Markezekin aurkeztutako ikuskizun batean horren trufa egiten genuen: "Kaixo, Miren, a que no sabes zein ikusi nuen Keparekin lehengoan, y cogidos de la mano, además?".
Espainolak kolonizatu du gure hizkuntza, eta ingelesak eman digu errematea: aldeano bihurtu gaitu denok. Ez baitago ingelesa badakizula demostratu nahia baino, ez dakizula adierazteko. Ia ez dago enpresarik gaur egun, Euskal Herrian, izena ingelesez jartzen ez duenik. Zaldibarren zaborra bezain gauza nardagarria pilatzen zuen enpresa hura ere Verter Recycling deitzen da, negozio zikin hura ingelesarekin edertu zitekeelakoan.
Euskara ere zabor antzeko hizkuntza balitz bezala, espainolarekin edertzen saiatzen gara. Milaka esaldiko zerrenda osa lezake edozein linguistak, hartara jarriko balitz. Izurritea heldu zaio euskarari, ahultzen ari den seinale; eta ez du sistema immunitariorik espainolaren aurrean. Erabileran dituen hutsune ozeanikoak gutxi ez, eta gramatikalki ere euskara ez da beregaina.
Hizkuntzek gure burmuinean pizten dituzten erreferenteak eta erreakzioak bereziak dira, hizkuntza bakoitzak modu ezberdinean eragiten digu, eta ezin uka bakoitzak daukan kapital sinbolikoaren eragina hura erabiltzeko (edo baztertzeko) orduan. Kapital horrek historian ditu oinarriak, hizkuntzak munduko ekonomian duen pisuan, eta, euskaldunon kasuan, bederen, gure inkontzientera mendeetan jaurti duten zaborraren neurrian.
Jarraitu iritzi artikulua irakurtzen Berria.eus-en.