Astelehena eta asteko lehenengo betebeharretako bat: Uztarriarako artikulua idaztea. Joan den asteburuko emozioek ondorengo hitzak idaztera eraman naute.
Atzera begiratuta, gogoratzen dut nola bizi genuen guztia emozioz umeak ginela. Umetan dena da berria, dena dago esploratzeko, denak harritzen gaitu. Lehenengo minak bizitzen ditugu, lehenengo amorruak, ilusioak, pozak. Barru-barrutik ateratzen diren emozio eta sentimenduak izan ohi dira, inozentziaren eta benetakotasunaren eskutik.
Heldutan, berriz –orain heldua naizela esan baldin badaiteke behintzat–, zalantza dut aukerarik ematen ote diogun geure buruari bizi ditugun emozio horiek guztiak azaleratzeko. Pozik gaudenean pozik gaudelako eta triste gaudenean triste gaudelako, baina beti badugu sentitzen dugun horren aurka eginarazten digun zerbait.
Batzuetan gure emozioak barruan preso uzten ditugunaren sentsazioa dut, eta ez dut ulertzen zergatik. Egunerokoa gero eta azalekoago bizi dugula iruditzen zait. Hor daude sare sozialak, irribarre faltsuen biltegiak. Gutxi batzuek eraiki duten ustezko bizitza perfektu horri nondik jarraituko gabiltzala ematen du. Barrutik txikituta egon, baina irrien mundu liluragarria elikatzen bizi gara.
Norbaitek triste dagoela esaten duenean, ematen du arrakasta ezarekin lotzen dugula pertsona hori. Ez dela zoriontsu, ez duela balio. Emozio txarrei, 'zailei', beldurra diegula dirudi; eguneroko bizimoduaren parte izango ez balira bezala, haiengandik ihesi gabiltzala. Ez al da hobe egun batzuetan behean gaudela onartzea? Ez dugula indarrik ez gogorik ezertarako, ezta ondo egoteko ere? Benetan barruak hori esaten badigu, naturala hori bada, zergatik saiatu ezkutatzen?
Bizirik egotea ez al da ba emozionatzea? Sentitzea? Barrutik ateratzen zaigun bulkada hori azaleratu ezean, nekez loratuko gara. Pentsa, loreek ere –beno, landareek–, nerbio sistemarik gabeko izakiak izanik ere, kanpoko estimuluen aurrean erantzun bat ematen badute, guk, gizakiok, nerbio sistemarik eboluzionatuena dugunok, nola ez kanporatu barruak eskatzen diguna?
Askotan, gure bizitzako une zoriontsu batean pentsatzeko eskatzen digutenean, gure buruak haurtzarora bidaiatzen du automatikoki. Kasualitatea? Ez dut uste. Gure eskubideak eta bizitzak inoiz baino eskulotuago dauden honetan, goazen emozioei bizi pixka bat ematera. Sentitzen duguna izan dadila garena egiten gaituena, eta ez besteren batek esan diguna.
"Eta nik umea izan nahi dut edozein ordutan libre egoteko" (Zain).