Kulturari buruz, kapsuletan

Kulturari eta harekin lotutako kontuei buruzko gogoetekin, ikus-entzunezko laburrak argitaratzen hasi da Sanagustin kulturgunearen 10. urteurreneko Herri Batzordea. Udazkenera artean, hilean pare bat ale izango dira. Iraia Bereziartua azpeitiar biolin-jolearena da lehen kapsula.

Azpeitiko kultur mugimenduari edota kulturarekin lotutako kontuei buruzko gogoetak dosi txikietan, kapsuletan. Halako bideoak argitaratuko ditu gaurtik udazkenera bitartean Sanagustin kulturgunearen 10. urteurreneko Herri Batzordeak. Batez ere, kultur sortzaileei egindako bideoak izango dira, minutu batekoak-bikoak, eta, haien artean, azpeitiar eta herriko kultur ekinbideetan aritutako kanpoko batzuk mintzatuko dira, zenbait kasutan poema bat errezitatuz, musika instrumentu bat joz…; artistaren arabera.

Gorputza, soinua, hitza eta irudia eremuak lantzen ditu Kulturaz kooperatibak Sanagustinen, Soreasu antzokian eta Dinamoa sormen gunean, eta lau atalek isla bat izango dute bideo laburretan. Hamaika bizitzeko, entzuteko, idazteko... baikaude.

Hilean pare bat kapsula argitaratzea da Herri Batzordearen asmoa, eta 10. urtemugako blogean ez ezik, sare sozialetan, YouTuben edota Soreasuko zinema emanaldien aurretik eskainiko dira.

Iraia Bereziartua (1988) azpeitiar biolin-jolearena da lehen kapsula. Bereziartua txikitan hasi zen biolina ikasten, eta gaur egun musika du ogibide. Azpeitiko Juan Antxieta Musika Eskolako irakaslea da, eta hainbat orkestratan jo izan du. Kapsuletako hurengo hiru protagonistak Igor Elortza bertsolaria, Jose Luis Otamendi poeta eta Miren Gaztañaga aktorea izango dira.

Herri Batzordea 10. urtemugako egitaraua zehazten ari da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide