Balio sozialak, bizia bizitzeko

David Fernandez kataluniarrak eta Azpeitiko Elikaguneko, Mondragon korporazioko Erreka Groupeko, Aiaraldeko Ekintza Faktoriako eta Goienerreko ordezkariek hitz egin zuten, atzo, Herri ekimena eta kooperatibismoa nazio jardunaldian, Sanagustinen, kulturgunearen 10. urteurreneko Herri Batzordeak eta Kultiba kooperatibak antolatuta. 66 lagun bildu dira.

David Fernandez Kataluniako Coop57 kooperatibako (zerbitzu finantziero etiko eta solidarioa) kidea mintzatu da lehendabizi Herri ekimena eta kooperatibismoa nazio jardunaldian, Sanagustin kulturgunean, Balioak eta balioa izeneko hitzaldian. Esan du Kataluniako kooperatibismoak tradizio historiko luzea duela. Coop57en berri eman du:: "Sei mila bazkide ditugu. Gure aurrezkiekin egiten dugu lan, aldaketa sozialaren alde, sinpleki. Ohartu behar gara herritarron aurrezkiekin egin daitezkeela gauzak”. Dena dela, adierazi du 2008ko krisi ekonomikoak Kataluniako aurrezki kutxen sistema ere aurretik eraman zuela. “Baina guk, Coop57ek, eutsi egin genion"

Haren hitzetan, norberak hautu batzuk egin behar ditu. Kasu baterako, adierazi du berak eguneroko bizimodurako-eta egitasmo kooperatiboen alde egiten duela: energian, etxebizitzan, elikaduran, hedabideetan… "Diruak jada dirua baino ez du sortzen, ez ondasunak eta ez zerbitzuak”. Aldiz, “elkarrekiko laguntza eta elkartasuna da kooperatibismoa”, adierazi duenez.

Kooperatibismoa ez da proiektu absolutu bat, Fernandezek azaldu duenez, eta ez du denerako erantzuna, “baina konponbide onenak berak ditu. Horregatik iraun du, era denetako sistemak jasanda". Uste du kapitalismoaren pean ez dagoela konponbide sozial, ekologiko, feminista edo jasangarririk. Dena dela, ohartarazi du "gehiegizko estatalizazioa ere" kaltegarria izan daitekeela, parte hartze soziala agortuko lukeelakoan. “Kooperatibismoaren misioa bizitza posible egitea da, eta bizitza bizi ahal izatea. Baina berandu goaz eta irmoa izan behar du erantzunak, bizitzaren aldeko ekonomiaren alde eginda".

Lau euskal esperientzia praktiko

Fernandezen hitzaldiaren ondoren kaferako tarte bat hartu, eta jardunaldiko bigarren parteari ekin diote: Kooperatibismoa: zergatik eta nola. Esperientzia praktikoak izenpean. Lau hizlari aritu dira: Ioritz Aizpuru (Elikagunea, Azpeitia), Cristina Etxegoien (Erreka Group, Mondragon korporazioa), Gartzen Garaio (Ekintza Faktoria, Aiaraldea) eta Naroa Elortza (Goiener, Euskal Herria).

Aizpuruk (Elikagunea), Saltokiaz haratago, dastaketa eta heziketa gunea hitzaldian, esan du duela urte batzuk Azpeitiko Azoka Plaza berritu behar zenean, udalak inguruko ekoizleekin prozesu parte hartzaile bat jarri zuela martxan, eta horren ondorioz sortu zela Elikagunea. “Izaera herritar eta parte hartzaile horretatik sortu zen. Herritik sortutako proiektu bat da, herritarrentzat lan egiten duena". Haren esanetan, elkarlana lehenesten dute herriko zein Euskal Herriko eragileekin. “Elikadura burujabetza helburu, proiektu herritarra da gurea. Eta zuzeneko harremana dugu ekoizleekin".

Etxegoienek (Erreka Group) Industria produkzioa izeneko hitzaldia eman du. Gogoratu du orain dela 60 urte sortutako egitasmo kooperatibo eta industriala dela haiena, eta orduan ere helburua ez zela soilik lan baldintzak hobetzea; “asmo soziala ere bazegoen". Kooperatibismoak langileak “ahaldundu” egiten dituela adierazi du, eta “komunitatearekin konpromiso bat” dutela. “Gure legatua zaindu eta hedatu nahi dugu”.

Garaiok (Ekintza Faktoria), Eraldaketa soziala euskaratik eta euskaraz hitzaldian, esan du komunikaziotik eta hizkuntz normalizaziotik “proiektu integral bat” izatera pasatu direla, xedetzat hartuta “hezkuntza eraldatzailea, elikadura burujabetza, feminismoa, kultur sorkuntza, ekonomia sozial eraldatzailea eta identitate komunitarioa”. Haren iritzian, euskarak funtzio eraldatzailea izan behar du, “bizitzeko tresna”, horrek emango dielakoan “erakargarritasun bat belaunaldi berriei”.

Elortzak (Goiener) ere azaldu du herritarren ahalduntzea eta saretzea dituztela helburu, horretarako sortu zutela kooperatiba, “baina kontua ez da kooperatibak sortzeagatik sortzea. Lehenik eta behin, helburuak finkatu behar dira". Egitasmoak txikitik hastearen alde mintzatu da, gero “eraldaketarako prozesuak” garatzeko. Goienerrek “demokrazia energetikoa” bultzatu nahi du, “alternatiba bat eraikita”. Energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumoa izena jarri dio hitzaldiari.

Interkooperazioa eta errealitate berriak

Jende artetik, lagun batek esan du garrantzitsua dela balio sozial horiek aintzat hartuta bat egitea edo interkooperazioa, besteak beste “elkarlanean errealitate berriak sortzeko”.

Nazio jardunaldiaren hasieran, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak kultur mugimenduaren eta udalaren arteko elkarlana nabarmendu du, baita kooperatibismoak dituen balio sozialak ere. Esan du udala norabide horretan ari dela lanean.

Inazio Arakistain Sanagustin kulturguneak 10 urte Herri Batzordeko kideak aipatu du kultur artikulazioa funtsezko ardatza dela Azpeitiko kultur proiektuarentzat, eta kooperatibismoa ere badela oinarri bat, “herritarrentzat eta herriarentzat” aritzeko. Hala, Sanagustin, Soreasu antzokia eta Dinamoa sormen gunea Kulturaz kooperatibak kudeatzen dituela gogoratu du.

66 lagun bildu dira kulturguneko ekitaldian: Azpeitiko eta Euskal Herriko kooperatibetako ordezkariak, herritar norbanakoak, udal gobernuko (EH Bildu) eta EAJren udal taldeko kideak, kultur arlokoak… Saioa zuzenean eman dute Uztarria-k, Berria-k, Argia-k eta Kulturazek.

Bi jardunaldietako ondorioak, aste batzuk barru

Atzoko saioaren antolatzaile Sanagustin kulturguneak 10 urte Herri Batzordeak eta Kultiba kooperatibak aste batzuk barru jardunaldiaren ondorioak plazaratuko dituzte. Baita Herri Batzordeak eta Jakin fundazioak maiatzeko bestearenak ere: kultur artikulazioarenak.

Larunbat honetan izango da 10. urteurreneko atzeneko ekitaldia: Jotakie taldearen kontzertua, 21:00etan, Sanagustinen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide