Kulturaz kooperatibaren proiektua da Zigizaga, Dinamoa sormen guneko jarduna testuinguruarekin harremanetan jartzeko asmoz sortutako online aldizkaria, martxan jartzeko Eremuaken dirulaguntza jaso zuena. Hausnarketarako eta eztabaidarako gunea izan nahi du, eta bizi gaituen esfera publikoari bere aletxoa ekarri nahi dio. Horretarako, Arantza Santesteban ari da editore lanetan. Urtean bi zenbaki aterako ditugu, bakoitzean gai nagusi bat ardatz hartuta. Eta hainbat eremutako jendeari eskatuko diogu gai horren inguruan pieza bat egiteko. Hauxe da agerkari digitalaren lehen zenbakia: Apokalipsia.
Pieter Bruegelen ustezko koadro batean zerutik itsasoraino erortzen ari den Ikaroren hankak ikusten ditugu hondoratu aurreko unean. Jaitsiera hain dramatikoa izanagatik ere, itsasotik gertu dagoen laborariak jarraitzen du bere lurra lantzen eta artzaina gertakariari bizkar emanez, bere ardiei begira ari da. Apokalipsiaren eszena gaurkotu bat iradoki lezake koadroak, Ikaro ito aurreko istant horretan harrapatuta biziko bagina bezala, jakinda akabera datorrela eta bitartean denak bere horretan iraun dezan goldearekin lantzen ari gara egunerokotasun hauskorra.
Hasieran bere jatorrizko esanahi greziarrera hurbiltzea zen gure asmoa, "zerbaiten aurkikuntza, zerbaiten errebelazioa", baina pilatu ditugun kolaborazio gehienek oharkabean hurbildu gaituzte Bruegelen errebelaziora: hondamendiaren aurreko egunean eszeptizismoz begiratzen duen jendea bilakatu gara. Apokalipsiari eskainitako lehen zenbakian honako lagun hauek bildu ditugu: Ingrid Guardiola, Agustin Arrieta, Arrate Hidalgo, Nader Koochaki, Uxue Arzelus, Mikel Pejenaute, Jean-Gabriel Périot, Ernesto Cardenal, Xabi Borda eta Susan Sontag.
Aldizkaria dinamoa.eus atarian dago irakur, entzun, ikusgai. Lehen zenbakiaren aurkezpen podcasta ere badago, gaiaren markoa ezartzeko ariketa batekin.
Bigarren zenbakia urtearen bukaeran argitaratuko dugu.