Kulturaz kooperatibak Zeramika tailerra antolatu du bigarrengoz, iazkoak izan zuen harrera ona ikusita. Aldaketa esanguratsu bi dakartza aurtengoak, ordea. Batetik, bi irakasle arituko direla gidari lanetan: Jonathan Escapa eta Maialen Zabalza (Kiribil zeramika). Eta bestetik, Dinamoan egindako piezak egosteko aukera izango dutela parte hartzaileek tailerraren bukaeran.
Bestela, iazko asmo berarekin dator aurtengoa ere: buztinarekin lana egitea.
Maiatzaren 3an hasiko da, eta ostiral arratsaldez eta larunbat goizez izango da. Guztira, 24 ordu buztinarekin ibiltzeko, esku artean hartu eta nahi dugun forma emateko.
Geologoek jakingo dute akaso: noizkoa da buztina? Noiz sortu zen, Big Bangaren ondorengo zenbatgarren urtean? Eta nola? Dinosauroen oinatzik geratu zen buztinetan? Noiz erabili zuen lehen aldiz gizakiak? Eta zertarako?
Gabriel Orozco artista mexikarrak Mi corazón son mis manos (Nire bihotza nire eskuak dira) lana egin zuen 1991n, buztinarekin. Keinu sinple bat: buztina hartu, esku artean zapaldu, eta bihotzaren forma eman.
Orain gure bihotzak edozeren forma ematen dio buztinari, baita bihotzarena ere.
Orain gure bihotzak edozeren forma hartzen du, buztinezkoa da.
Platerak, ontziak, pitxerrak, katiluak, kikarak egiten ditu gure bihotzak; norberarentzat, besterentzat, dinosauroentzat. Edozer egin dezakezu zeramika tailer honetan, buztinarekin edozer egiten ikasiko duzu. Eta piezak labean egosten, bihotza sutan, ez dadin hautsi gure buztinezko bihotza bezain erraz.
Izena emateko lotura eta informazio osoagoa, dinamoa.eus atarian.