Herriari kultur eskaintza orekatua, anitza eta oparoa eskaintzeko eta sormen zein transmisio proiektuak egonkortzeko urtea izan da 2024an. Halaber, Kulturaz kooperatibak kudeatzen dituen espazioetan kultur eskaintza orekatua, anitza eta oparoa eskainiz, espazioetatik igaro diren eta ekitaldietan parte hartu duten herritarren kopuruak gora egin du. Kultur komunitatea aberasteko, sormen eta transmisio proiektuak egonkortzeko eta egitasmo berriak martxan jartzeko urtea izan da joan dena. Hainbat bidelagunen bultzadari esker, urte ona izan dela esan daiteke.
Guztira, 198 ekitaldi kudeatu ditu Kulturazek Sanagustin kulturgunean, Soreasu antzokian eta Dinamoa sormen gunean, eta 45.412 ikus-entzulek parte hartu dute horietan. Ekitaldi eta ikus-entzule kopuru osoa zertxobait jaitsi dira 2023arekin alderatuz, baina ekitaldiko ikus-entzuleen batez bestekoa %3 igo da. Horrez gain, sormena eta transmisioa lantzeko hogei proiektu ditu Kulturazek martxan, eta 22 sormen egonaldi egin dituzte Dinamoa sormen guneko eta Soreasuko espazioetan. Guztira, 8.897 erabiltzaile igaro dira horietatik, eta, horrela, orotara, 54.309 erabiltzaileko langa jo du Kulturaz kooperatibak kudeatzen dituen espazioetatik igaro diren eta ekitaldietan parte hartu duten herritarren kopurua.
Ekitaldiak egin diren espazioei erreparatuz gero, 103 izan dira Sanagustin kulturgunean egin direnak, 77 Soreasu antzokian ikusi ahal izan direnak, zazpi Dinamoa sormen gunean jendaurrera begira eskainitakoak eta 11 ekitaldi kalean gauzatu direnak. Agertokira igo diren sortzaileetatik 184 Euskal Herrikoak izan dira, eta horietatik 96 herrikoak edo eskualdekoak. Ekitaldien %14,14 soilik izan dira euskara ez den beste hizkuntza batean eginak. Adibidez, Dinamoa sormen gunean gauzatutako proiektuen %100a euskaraz izan dira. Handik pasatu diren erabiltzaileen %78 herritarrak edo eskualdekoak izan dira, eta %22 Euskal Herriko beste herrietakoak edo hirietakoak.
Agertokira igo diren pertsonen %53 emakumezkoak izan dira, eta %47 gizonezkoak; diziplina ezberdinen artean desberdintasun handiak daude. Sormen eta transmisio egitasmoetan parte hartu duten erabiltzaileei dagokienez, berriz, %75etik gora emakumezkoak izan dira.
Diziplinen arteko oreka
Urtero legez, Kulturaz diziplinen artean oreka zaintzen saiatu da bere eskaintzan: 69 izan dira soinuaren arloari lotutakoak, 49 gorputzaren inguruan antolatutakoak, 41 hitza ardatz izan dutenak eta 39 irudia landu dutenak. Sormen eta transmisio proiektuetan eta egitasmoetan hitzaren, gorputzaren eta irudiaren eremuetan launa proiektu gauzatu dituzte, eta soinuaren eremuan, berriz, hiru. Eremu guztiak lantzen dituzten proiektuak, berriz, bost izan dira.
Beste urte batez, kultur eta gizarte eragileekin elkarlanean indarrak batu ditu Kulturazek; guztira, 30 kultur eta gizarte eragilerekin elkarlanean gauzatu ditugu egitasmoak. Ekitaldien sustatzaileen datuei begira jarriz gero, aldiz, Kulturaz kooperatibak kudeatzen dituen espazioetan 46 ekitaldi izan dira kooperatibak berak sustatutakoak eta antolatutakoak, 77 herriko kultur komunitateak sustatutakoak eta 75 bestelako eragileek programatutakoak.
Kooperatibak %75eko autofinantzazioa izatea lortu du beste urte batez. Urtean zehar izandako ekitaldietatik eta proiektuetatik haratago, kultur komunitatea osotasunean antolatzeko asmoari heldu dio Kulturazek. Parte hartu, parte izan egitasmoa jarri du martxan, eta kultur komunitateko kideekin batera komunitatea bera osotasunean, talde zein norbanako, antolatzeko pausoak ematen hasi da.
Eskerrak eman nahi dizkie Kulturazek urtean zehar kooperatibarekin bat egin duten herritar guztiei. 2025. urtea ere egitarau oparoarekin dator eta Kulturazek gogotsu ekin dio urteari!