1.- Mugatu nahi dut gizartearen
ohitura batzuetara,
arazoeri konponbide bat
eman beharrean gara!
Ostalariei luzatzen zaie
lehenbiziko begirada!
Dirudienez errua beti
ostalaritzarena da.
2.- Bada jendea tragaperretan
denbora libre gisara
diru pila bat husten duena
tragaperren kutxetara.
Kasu batzutan diru galerak
heltzen dira etxeetara.
Ludopatarik bada errua
ostalaritzarena da.
3.- Alkoholak ere eragiten du
hainbat nahigabe ta traba…
Batzuk etxera iristen dira
balantzaren nahietara,
ta gero bertan nolako pena
ta nolako lurrikara.
Mozkorrik bada horren errua
ostalaritzarena da.
4.- Zenbat desgrazi heldu ote den
zenbait familietara
droga zikina sartu delako
zenbaitzuren zainetara.
Zulo beltzetik nekez atera
ahal gaitezke argitara.
Drogazalerik bada errua
ostalaritzarena da.
5.- Hainbat faktorek eragiten du
zenbaiten neuronetara,
jendea jotzen, gauzak apurtuz…
doazenak non-nahitara.
Ta iskanbila dihoa hoiek
doazen tokietara.
Borrokaldirik bada errua
ostalaritzarena da.
6.- Emakumeen eskubideen
kontrako jarduerara
mugatu ohi da zenbaitentzako
jai giro bateko gaba.
Zenbat eraso sexista paira
ote diren orotara…
Hau gertatzean errua ere
ostalaritzarena da.
7.- Goizalderako zenbat zarata
egon ezin eta traba
bizilagun ta auzotarrentzat
iratzargailu gisara!
Etxe azpiko jolgorioa
ta sortzen den "barrikada"…
Gau-paserorik bada errua
ostalaritzarena da.
8.- Azken urteko pandemiaren
norantzen hankapetara
ostalaritza lokalak ixten
dabiltz hona eta hara!
Diru galera beldurgarriak
ta laguntza gutxi, hara!
Kobida hedatzen bada errua
ostalaritzarena da.
9.- Hausnar dezagun, pentsa dezagun
ta arinkeriak laga!
Gizartearen erru denak ez
bota ostalaritzara!
Beste zerbaitek bultzatzen gaitu
egoera hauetara.
Ostalariei egotzi arren
errua guztiona da.
(Doinua: Beste bateko inularretan)