Eskualdeko euskara elkarteek, EHEren Harrotze Asteari atxikimendua

Eskualdeko euskara elkarteetako kideak, gaur, Zumaian.

Euskal Herrian Euskaraz taldeak (EHE) Euskaldunon Harrotze Astea antolatu du apirilaren 22tik 28ra, eta ekimenari atxikimendua adierazi nahi izan diote Zumaian egindako agerraldian eskualdeko euskara elkarteek: Azkoitiko Maxixatzenek, Azpeitiko Zaparraiek, Zarauzko Zirikak, Zumaiako Larrainak eta Getariako euskaltzaleek.

Urola Kostako euskara talde eta elkarteen adierazpena:

"Euskal Herrian Euskaraz taldeak Harrotze Astea antolatu du eta Urola Kostako euskara elkarteok bat egin nahi dugu bertan eskatzen eta lortu nahi diren helburuekin. Harrotze Astea ulertzen dugu akuilu izan daitekeela: 
● Euskararen aldeko borrokak ikusarazi eta euskararen aldeko lanerako motibazioa eta ilusioa pizteko.
● Euskaldunok ahalduntzeko.
● Kontzientzia pizteko.
● Euskara eta euskaldunon aurkako zapalkuntzaren arduradun eta konplizeei marra gorriak jartzeko (instituzioak, alderdiak, sindikatuak, enpresak, eragileak…).
● Beste mugimendu batzuekin batera ekintza bateratuak praktikan jartzen hasteko: langileak, feminismoa, sexu askapena, migrazioa, arrazakeriaren kontrakoa...
 
Urola Kostako herrietako euskara elkarteok ere eragin nahi dugu:
● Herri kontzientzian.
● Kale paisaian.
● Udal eta erakunde publikoen erabaki politikoetan.
● Euskaldun zein ez-euskaldunen jarrera, erabaki eta inplikazioan.
● Hezkuntza arloan. Hezkuntza euskaldunaren bidean.
● Lan-munduan. Euskaraz lan egiteko eskubidea bermatze bidean.
 
Horregatik guztiagatik Urola Kostako herritar guztiei dei egiten diegu euskararen aldeko lanera lotzeko eta EHEk antolatu dituen ekintzetan parte hartzeko. Besteak beste, ostiral honetan, Donostiako epaitegien aurrean, 18:00etan.

Gure arima hiltzen uzteko bezain odol galduak izan ez gaitezen".

Azkoitiko Maxixatzen euskara elkartea, Azpeitiko Zaparraie euskara taldea, Getariako euskaltzaleak, Zarauzko Zirika euskara elkartea eta Zumaiako Larraina euskara elkartea

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide