Euskal estatua, eta zapalkuntzari desobedientzia

Gorka Torre, atzo, Basazabal jauregian, hitzaldia ematen. (Zaparraie)

Gorka Torre ekintzaile eta euskaltzaleak hitzaldia eman du Basazabalen, Naziogintzak eta Zaparraiek antolatuta. Euskararen biziraupena bermatzeko eta lehentasunezko hizkuntza izateko, lau ardatz aipatu ditu: eraikitzailea, eskatzailea, salatzailea eta desobedientea.

Euskararen etorkizuna bermatzeko, euskal estatu independentea. Eta euskararen zapalkuntza salatzeko, jarrera desobedientea. Hala "laburbildu" zuen atzo Gorka Torre ekintzaile eta euskaltzaleak Azpeitiko Basazabal jauregian emandako hitzaldia. Ia 30 lagunen aurrean aritu zen Torre, gaitzat Euskararen zapalkuntzari aurre egiteko borroka Ipar Euskal Herrian hartuta, Naziogintza taldeak eta Zaparraie Azpeitiko euskara taldeak antolatutako saioan.

Torreren ustez, "euskarak zapalkuntza" pairatzen du; "euskara ukatua da, eta bigarren hizkuntza bezala tratatua da". Esan zuen Euskal Herrian injustizia gehiago daudela eta jatorrira joan behar dela. "Beraz, arazoa orokorra da". Euskararen gaiari helduz berriz, aipatu zuen Espainiako eta Frantziako konstituzioek oztopoak jartzen dituztela euskararen biziraupenerako, eta, ondorioz, egoera aldatu beharra dagoela, "baina gurearen eraikuntza" gakotzat hartuta.

Lau ardatzen zergatia

Lau ardatz planteatu zituen. "Bat da ardatz eraikitzailea. Euskaldunok estatu demokratiko bat eraiki behar dugu gure hizkuntzaren etorkizuna bermatzeko". Bigarren ardatza: "Eskatzailea". Lehentasunak ezarri beharraz mintzatu zen, ordea; ipar Euskal Herrian, adibidez, euskara hizkuntza ofizial izateko, "lehentasunezkoa zer da: Frantziako Konstituzioaren aldaketa eskatzea ala gure konstituzioaren eraikuntza lana egitea? Pentsa dezagun gurean".

Ardatz "salatzailea" da Gorka Torrek aitatu zuen hirugarrena. "Konstituzioak zapaltzaileak direla salatu behar dugu, eta salaketak elikatu behar du gurearen eraikuntza, euskal estatua eraikitzeko perspektiba".

Eta laugarren ardatza: "Desobedientzia". Torre bera Ipar Euskal Herriko demoen mugimenduko kide izana da, desobedientzia ekintzak egindakoa; esate batera, Iparraldeko egitura politiko-juridikoaren alde. Euskararen alorrean ere egin ditu ekintzak. Joan den martxoan, Baionako Auzitegiak 500 euroko isuna eta hilabete bateko kartzela zigorra jarri zion Donibane Garaziko eta Izpurako (Nafarroa Beherea) hainbat osasun etxetan euskararen aldeko pintadak egitea egotzita. Herribiltzak antolatutako ekinbidean parte hartu zuen Torrek orduan.

"Jauzi kualitatibo bat eman behar da euskara lehentasunezko hizkuntza izateko", esan dzuen Basazabaleko hitzaldian. "Ez dugu onartu behar zapalkuntza egoera bat, eta intsumisio borroka behar dugu". 

Borroka "etikoa"

Borroka moldea definitu zuen, "etika" duena, "jendeak bat egiteko gisan. Euskararen aldeko borroka, denon onerako da". Zehaztu zuen borroka horretan ez daudela "etsaiak, aurkariak baizik. Eta aurkariak ez dira pertsonak, baizik eta haien ekintzak". 

Hiru ordu laurdeneko hitzaldia eman zuen Torrek. Ondoren, denen arteko hitzasperturako borobilean jarri ziren Torre eta Basazabalen bildutakoak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide