Euskal abizenek esanahia izan ohi dute, izana dute. Esate baterako, Etxeberria-k etxe berria esan nahi du, Urkizu-k urki ugari, Aranburu-k haraneko burua… Baina oraindik ere pila bat erdal grafian dauzkagu. Ez dugu paretik kendu garai batean erregimenak halakoetarako euskal herritarrei erregistro ofizialerako-eta inposatutako neurria, eta erdal grafian ditugu, esaterako, Echeverria, Urquizu, Aramburu, Goikoechea, Celaya, Corta, Jáuregui, Oyarzabal, Arambarri, Ibarlucea, Garay, Arocena… Erdal grafian dauden euskal abizenek ez dute ezer esan nahi; adibidez, Echeverría-k, hala idatzita, ez dauka esanahirik, eche ez baita deus, eta verría ez ez. Alda ditzagun; hau da, jar ditzagun ondo.
Herritarren kontzientzia nazionalean eta linguistikoan eragitea da Zaparraie Azpeitiko euskara taldearen helburu nagusietakoa, eta, hala, euskal abizenak erdal grafian dituzten herritarrei dei egiten diegu aldaketarako tramiteak egin ditzaten. Euskaldun gisa bizitzeko pauso bat da. Bizi euskaraz!
Aldaketarako dokumentuak:
- Nortasun agiriaren fotokopia bat (eta adinez nagusia ez izanez gero, gurasoena ere beharko da).
- Jaiotza ziurtagiria (eskatu norbera erregistratua dagoen udalean, edo epaitegian).
- Errolda agiria (udaletxean eskatu; eta adinez nagusia ez izanez gero, gurasoena ere beharko da).
- Familia liburua (ezkonduta bazaude edo seme-alabarik baduzu).
Azpeitiko Udalak eta UEMAk euskal abizenak euskal grafian jartzeko kanpaina egin ohi dute, eta udalak bere webean jarraibideak dauzka. Bi erakundeek "dei egiten diete euskaldunei bere izanarekin koherente izateko eta abizenak euskalduntzeko". Udal Euskara Patronatuak aldaketarako tramiteak egiteko laguntza eskaintzen du.