Beste pauso bat euskaraz bizitzeko

Zaparraie Azpeitiko euskara taldearen iritzi artikulua aurten egindakoaz eta datorreneko asmoei buruz.

Orain dela urtebete sortu genuen Zaparraie Azpeitiko euskara taldea, herriko euskalgintzako hainbat lagunek batzar batean hala erabakita. Zera zen azterketa: herri euskalduna da Azpeitia, handia da euskararen erabilera, azkeneko 25 urtean egiturak eta proiektuak sortu dira (hedabideetan, kulturan, udalean, UEMAkide da Azpeitia…), elkarteek eta norbanakoek ere aurrerapausoak eman dituzte, baina gure herrian ere mundu mailako aldaketa eta prozesu biziek erasan egiten diote euskarari: digitalizazioak, indibidualismoak, migrazioak... Bada beste faktore kezkagarri bat: euskaldunon kontzientziaren apaltzea. Hala, Azpeitian, geure alea jartzeko eta euskalgintzako aurreko eragileen lekukoa hartzeko, euskara taldea sortzea erabaki genuen duela urtebete, helburutzat jarrita herritarren kontzientzia linguistikoan eta nazionalean eragitea eta euskararen erabilera sustatzea. Euskaldunok mendeetan eutsi diogu euskarari, baina erne: momentu historiko zail batean gaude. Ezinbestekoa zaigu beste pauso bat ematea. 

Urtebete darama Zaparraiek, beraz, eta, bere helburuei jarraikiz, hizkuntzaren erabileran eta eskubideen arloan aritu da, batik bat. Esate baterako, argitaratutako iruzkinak dira horren froga (gehien-gehienak, herritarrek bidalitakoak). Izan dira txalotutako kasuak, baina, kasik guztiak, salaketak izan dira: ostalaritzan eta merkataritzan hainbat kasutan gazteleraz baino ez kartelak-eta, elkarte batzuenak ere halaxe, anbulatorioan gure hizkuntza urratua, udal eraikin batzuetako euskarrietan euskararen arrastorik ez, enpresa arloan ere gauza bera…

Azpeitian ez dago aitzakiarik horietan denetan eta hemen aipatu gabeko beste hamaika kasutan euskaraz ez aritzeko: badugu euskararen ezagutza, eta, zailtasun jakin batzuen aurrean, udalak eta UEMAk laguntza zerbitzuak dauzkate. Kontzientzia behar. Baita euskaldunok errenta aitorpena euskaraz egiteko ere, pantailak euskaraz izateko, euskal abizenak euskal grafian edukitzeko, euskaraz kontsumitzeko… Beste hizkuntzei eta hiztunei bizkarra eman gabe, bizi euskaraz! 

Izan ere, bestela, ez dago Euskal Herririk. Zapaldutako hizkuntza da euskara, eta euskaldunok, geure lengoaia ardatz izanik, ezinbestekoak ditugu erabakitasuna, tinkotasuna eta ausardia XXI. mendean herri honi eusteko eta aurrerabiderako oinarriak jartzeko. Etorkizuna ipar, aurten pozgarria izan da gazteekin batera egin dugun lana: ikastetxeetan euskal kontzientziari buruzko tailerrak eman ditugu, eta, Kilometroak Azpeitian zirela medio, apirilean elkarlanean nazio topaketak egin genituen ikasleekin (argazkian, orduko saioa); denetan ere, oso gustura gu, eta lanean segitzeko prest. 

Herri gisa beste pauso bat ematea dagokigu Azpeitian ere. Horrek, hizkuntza urraketen eta erasoen aurrean zenbait eragileren artean harreman eta jarraipen handiagoa izatea eskatzen du; besteak beste, exijenteago izateko. Ari gara horretarako aukerak aztertzen. Kontzientzia linguistikoa eta nazionala indartzeko ere, beste urrats bat egiteko garaian gara. Hala, dokumental bat egiten hasiak gara.

Ondorioz: 2024an Azpeitian lan bat egin du Zaparraie euskara taldeak, eta 2025ean azpimarra handiagoa jartzen saiatuko gara.

Bide horretan, Zaparraieko sarekide edo talde motorreko kide izan nahi baduzu, zatoz lasai.

Urte berri on denoi, eta bizi euskaraz!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide