Zientziari buruz hitz egitera natorkizue. Nik neuk hogei urte daramatzat zientzian murgilduta eta, tarteka, oso barneratuak ditudan jokamolde edo gauzak ulertzeko moduak populazioan ez daudela zabalduta ohartzen naiz. Eta hori, gaur egun STEAM bezalako hitz panpoxoak ditugunean bereziki bultzatzea nahi diren ikasketa lerroak aipatzeko orduan. Zientzia, teknologia, ingeniaritza, arteak eta matematika, horiek dira STEAM akronimo ingelesak (harritzekoa!) barneratzen dituen gaiak. Ulertzekoa da denetariko pertsonak eta lanbideak behar ditugula, baina hizkuntzen edo ekonomiaren inguruko oinarrizko ezagutza beharrezkoak diren moduan, ezagutza zientifikoa ere oinarrizkoa delakoan nago. Honek ez du esan nahi guztia jakin behar dela, baina garrantzitsua da zientziaren funtzionamenduaren ulermen orokor bat izatea, gero eta azkarrago doan mundu honetan aldaketen aurrean erosoago sentzitzeko.
Baina zientzia krisian omen dago. Kontu ezberdinak biltzen dira krisi honen barnean, baina populazioaren erabateko mesfidantzak kezkatzen nau gehien ni. Sufritzea tokatu zaizkigun bi urte hauetan garbi ikusi da hartu diren erabaki politikoak bakarrik ez, birusaren inguruko oinarrizko zenbait kontu ere zalantzan jarri direla askotan. Noski zientziaren izenean gezurrak zabaldu izan direla, noski interesak daudela esparru askotan eta noski zientziaren izenean erabaki okerrak hartu izan direla kasu askotan. Kontu hauek jarraituko dute, gizakia gizaki izaten jarraitzen duen bitartean. Eta kontu hauek ez zabaltzeko zientzia lupa azpian izatea oso beharrezkoa da. Baina hortik, "dena gezurra da" esatera tarte handia dago; eta hori entzuten da zoritxarrez tarteka.
Zientziako esparru batzuei beste batzuei baino gehiago aplikatzen zaie mesfidantza hori. Ingeniaritzan edo etxegintzan etengabe ari dira material berriak sortzen: su hartzen ez duten materialak, arinago eta indartsuagoak direnak edo propietate interesgarriak dituztenak. Material berri hauen sorrera metodo zientifikoari lotuta egoten da guztiz. Oinarrizko materialen ikerketak egin ohi dira batetik, eta material horren aplikazioa aztertzen duten beste ikerketa batzuei esker, komertzializatu daitekeen produktua lortzen da, bestetik. Alor hauetan mesfidantza ez da hain arrunta. Azken batean, aurkikuntza berri horien emaitzak bistan ditugu: etxeak garaiagoak dira, sakelean ordenagailuak daramatzagu eta kotxeak seguruagoak dira.
(Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean)